Iruzur perfektuarena
FLY ME TO THE MOON
Zuzendaria: Greg Berlanti
Urtea: 2024
Herrialdea: AEB
Nork ez du ilargiratze faltsuaren istorioa ezagutzen? Kondairak dio Stanley Kubrickek orkestratutako muntaketa izan zela, hark prestatutako eszenaratzearen emaitza direla guk gaur oraindik ere presente ditugun irudiak. Neil Armstrong astronauta Apollo 11 espaziontzitik jaisten, bandera estatubatuarra zoruan sartzen, eta esaldi hura: «Urrats txikia da gizonarentzat, baina jauzi handia gizateriarentzat». Konspirazio zale asko dago hortik suelto, baina, beharbada, egia inoiz jakingo ez dugulakoan nago. Ez, behintzat, Fly Me To The Moon ikusita.
55 urte beteko dira aurten —uztailaren 20an, zehazki—, gizakiak Ilargia zapaldu zuenetik, eta Hollywoodek ezin izan du urtemuga aprobetxatu gabe utzi gertakaria gogora ekartzeko. Tentazioz heldu dio Greg Berlanti zinemagileak gaiari, Kubricki keinu txiki bat eginez, bai, baina batez ere, ustezko simulazioaren atzean ezkutatutako marketin estrategian eta propaganda instituzionalean fokua jarriz.
Mitoak maite dituzte estatubatuarrek, eta zinemagintza baliatu izan dute hauei bazka eman eta beren nortasuna berrindartzeko. Batez ere, ahul sentitu izan dutenean. Nazioaren eraikuntza eta jaiotzaren errepresentazio izan dituzte westernak, Bigarren Mundu Gerraren bueltan nagusitu zen zinema beltza —noir delakoa—, eta mehatxu nuklearrarekin batera egin zuten eztanda zientzia fikziozko pelikulek. Artean, Gerra Hotzari espresuki lotutakoak. Sobietar Batasunarekin mantendu zuten distantziazko lehiak ideologikotik bezainbeste izan zuen irudimenetik, eta zinemagintza erabili zuten (eta jarraitzen dute, ez gaitezen inozenteak izan) batasuna, talde partaidetza sentimendua eta etsaiarekiko gorrotoa biziberritzeko.
Garai hartan girotuta dago Fly Me To The Moon, 60ko hamarkada bukaeran, non maiatzeko iraultzek nazioartea sutan jarri zuten, Vietnamgo gerra gordintzen ari zen, eta espazioko lasterketa gisa ezagutzen den horretan komunistak nagusi ziren: NASAren irudi publikoa hobetzeko helburuarekin, Kelly Jones publizitatean aditua kontratatuko du gobernuak, misioa garrantzitsuegia baita porrot egiteko.
Scarlett Johanssonek interpretatuta, aktorea emakume pozoitsu, manipulatzaile eta lunatikoaren haragitan jarri da, ikus-entzuleon atentzioa erabat bereganatuz. Umoretsu, sarkastiko eta ahaldun. Aldiz, Cole Davis jaurtiketaren zuzendariaren rolean azaldu zaigu Channing Tatum, azkenaldian ez bezala, ihesbideko akziozko filmetatik eta pertsonaia gogor eta zurrun horietatik aldenduta; sentimental, bihozbera, leial. Aktore nagusien zerrenda Etxe Zuriko ordezkari izango den Woody Harrelsonek osatu du, beti bezain eszentriko, gehiegikeriak janda. Giza moralaren, eta batez ere, garaiko estatubatuarren aurpegi ezberdinen isla dira, «Amerika saldu» beharraren ikuspegi bana dutena.
Uda bete-betean estreinatu da Fly Me To The Moon, baina ez dirudi iaz Oppenheimer-ek adinako arrakasta eta oihartzunik izango duenik. Mundu berri bati atea ireki zion Prometeo modernoaren kontraesanak kontatu zituen Christopher Nolanek modu harrigarrian, lengoaia zinematografikoari berebiziko etekina ateraz, espektakulu bisual sarkorra proposatuz. Oppenheimer-en perfekziotik urruti samar dago Berlantiren filma, trazu komertzialagoa, irisgarriagoa, baitu. Hala ere, istorioak bizi-bizirik du engranaje narratiboa, eta bi ordu luze irauten badu ere, azken klimaxera iritsi bitartean, emoziorik ez da faltatuko.