«Gure maskotekin ere hiriaz guztiz gozatu nahi dugu»
Donostian txakurrekin egin ahal izateko hainbat jarduera baimentzeko, herritar talde batek sinadura bilketa bat abiatu du Change.org atarian. “Donostia inklusiboagoa eta modernoagoa bihurtzeko eskaera” luzatu diote Donostiako Udalari. “Gure maskotekin ere hiriaz guztiz gozatu nahi dugu”, aldarrikatu dute.
Hiru neurri ezartzeko eskatu diote udalari, “hiri zoriontsuago bat eta maskotekin lagunkoia lortzeko”:
-
Gipuzkoako eta Bizkaiko beste hondartza batzuetan bezala, txakurrek Donostiako hiru hondartzetara sartu ahal izatea udako bainu garaian 21:00etatik 06:00etara.
-
Udako bainu garaian Kontxako edo Ondarretako hondartzako izkinetako batetik txakurrekin sartzeko gaitzea. Eremua banderatxoekin edo hesi batekin (maskotarik gabeko erabiltzaileentzat erosoagoa izan dadin) mugatu daiteke.
-
Amarako Guau! parkea gisako txakur parke gehiago sortzea Donostiako hainbat auzotan.
“Garrantzitsua da herritarren eta beraien maskoten bizi-kalitatea hobetzen saiatzea. Eboluzionatzen jarraitzea eta animalientzako eskubideak hobetzea bide egokia da beti”, adierazi dute.