Cementos Rezolako asanblada orokorrak uko egin dio zuzendaritzak egindako azken proposamenari
Cementos Rezolako asanblada orokorrak uko egin dio zuzendaritzak egindako azken proposamenari. ELA sindikatuak azaldu duenez, uztailaren 19an egin zuten asanblada orokorra, eta bertan argi geratu zen “boluntario bidezko irteerak bermatzen ez diren bitartean, asanbladak ez duela onartuko enpresaren proposamenik”.
Ekainaren 28tik greba mugagabean daude Cementos Rezolako langileak. Izan ere, enpresako zuzendaritzak 56 langileri eragingo liokeen Lan Erregulazio Espediente bat martxan jarri nahi zuela iragarri zuen. “Ordutik, enpresa batzordea kontsultaldian buru belarri sartuta dago, dokumentazioa aztertzen eta kalteak gutxitzeko formula ezberdinak pentsatzen. 56 irteeratik 54ra jeistea lortu da. Eta aurrejubilazioa 54 urtera arte jaistea ere bai, baina ez da nahikoa”, azaldu du sindikatuak.
Añorgako enpresaren etorkizuna egokia izateko 24 langile gehiago geratzea beharrezkoa dela frogatzen duen dokumentu bat aurkeztu dute langileek. “Eta garrantzitsuena, eta nahitaezkoa, irteerak boluntario bidezkoak izan daitezela”, adierazi dute.
ELAk jakinarazi duenez, enpresaren azken proposamenak ez du boluntario bidezko irteera bermatzen, ezta ere Cementos Rezolan txanda bakoitzeko langile kopuru nahikorik. “Hori horrela, uztailaren 19an egindako asanblada orokorrean langileek aho batez baztertu zuten proposamena, eta enpresari eskatu diote enpresa batzordearen azken proposamena onar dezala. Hain zuzen ere, bihar egingo dute kontsultaldiko azken bilera”, azaldu du sindikatuak.
Bien bitartean, greba mugagabean jarraituko dutela nabarmendu dute.