Donostiako bost familiatik batek gizarte zerbitzuen arreta jaso behar izan du 2023an
Donostiako gizarte zerbitzuetako 2023ko datuak aurkeztu ditu Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak. Guztira, 32.560.906 euro inbertitu dituzte arlo horretan.
Donostiako Udalak 32.560.906 euro bideratu zituen iaz gizarte politiketara, 17.806 familiari arreta emateko eta 22.196 baliabide kudeatzeko. Hala azaldu du astelehen goizean udaletxean Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak, eta jakinarazi du laster plazaratuko dutela 2023ko gizarte zerbitzuen memoria osoa. Zinegotziak nabarmendu duenez, Gizarte Ekintza Zuzendaritzak “Donostiako gizarte kohesioa hobetzeko eta gizarte zerbitzuen euskal sistemako udal zerbitzuak eta prestazioak gauzatzeko helburu bikoitzarekin lan egin du, herritarrei zerbitzu horiek eskuratzeko aukera erraztuz”.
Horrela, datuak kontuan izanda, Idoetak azaldu du Donostiako bost familiatik batek jaso zutela 2023an gizarte zerbitzuen laguntza, eta laguntza hori jaso zuten familien laurdenak estreinakoz jaso zuela. “Donostian, biztanle bakoitzeko gizarte zerbitzuetan gastatutako batez besteko baliabide ekonomikoak 172,19 euro izan dira”, gehitu du Idoetak.
Aipatu moduan, guztira, 22.196 baliabide eskaini zituen iaz Gizarte Ekintzak, eta, horietatik, %65 adinekoentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat erabili ziren, gizarteratzeko helburuarekin. Hori guztia 126 langileko lantalde batekin gauzatu dute: “Pertsona horiek hurbileko eta banakako zerbitzua eman zuten hiriko auzoetan banatutako zortzi Gizarte Zerbitzuguneen bitartez”, gehitu du Idoetak.
Harrera baliabideak
Etxerik gabeko pertsonen inguruan asko hitz egin da Donostian azken hilabeteotan, eta horren inguruko datuak ere eman ditu zinegotziak. Azaldu duenez, “udalaren helburua hiriko larrialdi zerbitzu edo baliabideetara jotzen duen kasu bakoitzari modu integralean eta pertsonalizatuan heltzea da. Horretarako, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua du, urte osoan irekita dagoena. 2023an, zerbitzu hori arduratu zen 1.492 bizikidetza unitateri gizarte arreta emateaz”.
Hestia Eguneko Zentroari dagokionez, udalaren arabera, 2023an, 1.213 pertsonari arreta eman zieten bertan egindako jarduketetan, 55i kaleko jarduketetan eta 221i esparru komunitarioetan. Bestalde, etxerik gabeko pertsonentzako urgentziazko ostatu baliabideei dagokienez, 2023an, udalak 199 plaza eskaini zituen egunean, eta laguntza ekonomikoak eman zizkien beste 48 pertsonari, “bizitoki irtenbideak ahalbidetzeko”. Aldiz, hirian 300 pertsona baino gehiago bizi dira “muturreko bazterkeria egoeran”, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek berriki salatu dutenez.
Abegi Etxea harrerako udal zentroari dagokionez, 1.023 pertsona hartu zituen iaz, baliabideak dituen 56 plazatan, eta 13.363 ostatu gau eskaini zituen guztira, baita eguneko hiru otorduak ere. Gaueko Aterpeak baliabidea ere badauka udalak, etxerik gabeko pertsonak gauez hartzeko 22 plazarekin; iaz, 119 pertsonak 7.382 gau eman zituzten bertan, baita gosariak eta bazkariak jaso ere, udalaren arabera. 32 harrera pisu ere kudeatu ditu udalak 2023an, eta Neguko Aterpea urteko 21 gauetan ireki zutela adierazi du Idoetak.
Halaber, Otorduak programarekin, 2023an, 164 pertsonari bazkaria eta afaria eman zieten, hiriko hamahiru jatetxetan. Kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten hainbat eragilek, hala nola Harrera Sareak, hainbatetan kritikatu dute, ordea, jatetxe horiek itxita daudenean, erabiltzaileei ez dietela bestelako alternatibarik eskaintzen eta bazkaria ostalaritza establezimenduan bertan eskaintzen dietela, baina afaltzeko ogitarteko bat ematen dietela bazkalostean. Era berean, Donostiako herritar ugarik, KAS taldean antolatuta, egunero-egunero, 200 afari baino gehiago banatzen dituzte hiriko hiru auzotan; hain zuzen ere, horregatik izango da KAS aurtengo Aste Nagusi Piratako Matti.
Adinekoentzako arreta
Donostiako Udalak baliabide gehien bideratzen dituen zerbitzuetako bat adinekoen edo mendekoen arreta da, eta Idoetak nabarmendu du Donostiako Udala “erreferentzia” dela “zaintzaren arloan, bai arretari dagokionez, bai prebentzioari dagokionez”.
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua da gehien eskatzen den zerbitzuetako bat, batez ere adinekoei dagokienez, erabiltzaileen %87,66 baitira adineko pertsonak. Urteko 365 egunetan eskaintzen den laguntza eta prebentzio zerbitzua da. 2023an, 10.631.452 euro bideratu ziren zerbitzu horretara; guztira, 393.609 ordu eman ziren 2.010 etxebizitzatan eta 2.656 pertsonak baliatu zuten zerbitzua. Horren %54 udalak ordaintzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiak %22,5 eta erabiltzaileek %23,5. Zinegotziak azaldu duenez, erabiltzaileek, “gehienez, 14 euro ordaintzen dituzte orduko, beren ahalmen ekonomikoaren arabera (benetako kostua 29 eurokoa da astegunetan orduko, eta 35 eurokoa orduko asteburuetan)”. Adinekoentzako udal ostatuko zerbitzuei dagokienez, 2023an, 36 plaza gehiago jarri zituzten erabilgarri ziren Arrasate kaleko 51. zenbakiko zerbitzuan, guztira, 273 udal plaza izanik.
Bestalde, “prebentzio lanari ere eutsi” egin diotela nabarmendu du Idoetak, “bakarrik erroldatuta dauden eta azken bost urteotan Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan ez duten 85 urtetik gorako pertsonekin harremanetan jarrita. Lan honek isolamenduko eta hauskortasun handiko egoerak goiz identifikatzeko aukera ematen du. Kasu horretan, 2023an, 145 prebentzio bisita egin ziren, eta, horietan, gizarte zerbitzuei buruzko informazioa eman zen”.
Era berean, eremu komunitarioan adineko pertsona hauskorrei eguneko arreta emateko Goizaldiak programan, 78 pertsonak parte hartu dute auzoetan banatutako zortzi taldeetan Halaber, adinekoen parte hartze aktiboa sustatzeko, 2023an, jarduera asko eta asko gauzatu dituzte, erretiratuen 24 elkarteren bidez eta +55 programaren bidez.
Genero indarkeriaren biktimak eta adingabeak
Adingabekoen babesgabetasun kasuak garaiz detektatzeko eta esku hartzeko lan prebentiboa egiteko, udalak 91 lanbide unitatetako profesionalak gaitu zituen 2023an (ikastetxeak, haur eskolak, kiroldegiak, osasun zentroak, eta abar). Horrela, udalaren arabera, 2.211 pertsonari eman zieten formakuntza, 265 saioren bidez, eta 2022-2023ko ikasturtean, guztira, 1.258 esku hartze goiztiar egin zituzten adingabeekin. Gainera, 2023an, 877 esku hartze egin zituzten babesgabetasun egoeran zeuden adingabeekin.
Genero-indarkeriaren biktimei emandako arretari dagokionez, urte berean 534 pertsonari arreta eman zien udalak, Idoetak nabarmendu duenez: “252 berriak ziren, eta 282, aurreko urteetan arreta jasotzen hasiak. 2024ari begira, zerbitzu zehatz hori indartu egin da, kasu horiei arreta emateko guneak hobetzeko obrekin eta indarkeria-¡ mota horren biktima ere badiren adingabeei zuzendutako ikuspegi batekin lan egiten duen psikologo berri baten laguntzaz”.
Gizarteratzea
Gizarteratzea izan da 2023an gehien eskatu den bigarren baliabidea, eta udalak 4,5 milioi euro bideratu zituen zerbitzu horretara, honela banatuta: Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara 3.530.902 euro, Lan Partekatua sustatzeko Laguntzetara 793.397 euro eta Laguntza Fiskaletara 229.743 euro.
“Mota horretako laguntzak eskatzen dituzten eta onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona edo familien %100ek laguntzak jasotzen ditu. Gainera, Udalaren aurrekontuko kontu sail bat da, beharretara egokitzen dena eta, egoerak hala eskatzen badu, handitu egiten dena”, nabarmendu du Idoetak.