«Eskolak ikaragarri aldatu dira 1950eko hamarkadatik hona»

Donostiako Ategorrieta auzoan dagoen Uliako Auzo Elkartean jarri dute hitzordua Xabier Rico Lehen Hezkuntzako irakasle ohiak (Donostia, 1959) eta kazetariak. «Begira, ikusten duzu parean dagoen eraikin hori?», galdetu du Ricok, Zurriola ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina seinalatuz. «Irakasle Eskola izan zen garai batean, eta hortxe egin nituen irakasle ikasketak. Bertan ikasi genuen Gipuzkoako irakasle askok». Frantses Filologia espezialitatean hasi zen, baina berehala egin zuen salto Euskal Filologia espezialitatera. «Euskararen mundu miragarrian murgildu nintzen, gertu sentitzen nituen irakasleak, baita literaturarekiko zaletasuna ere». 1980ko hamarkadan sartu zen irakasle, Donostiako Aneja eskolan, eta, han zazpi urte igaro ondotik, hiriko Zuhaizti eskolan hasi zen. Berrogei bat urte aritu da irakaskuntzan, eta, hain zuzen ere, ibilbide hori jaso du, besteak beste, berriki argitaratu duen Eskolako oroimenak (1959-2024) liburuan.
Eskolako oroimenak liburuan zure bizipenak kontatu dituzu, gehienbat.
Bai. Liburu autobiografiko bat da, eta ikasle nintzenetik erretiratu arteko bizipenak kontatzen ditu. Horretarako, testu mota ugari bildu ditut: ipuinak, bertsoak, anekdotak, artikuluak, txisteak… Horien bidez kontatzen ditut nik bizitakoak. Ordena kronologikoan banatu ditut pasarteak: 1950eko hamarkadatik gaur egunera arte. Ni eskolan hasi aurreko garaitik abiatu dut liburua, auzokideei entzundako bizipenetatik. Eta azken pasartean, hainbat irakasle eta irakasle ohiren testigantzak jaso ditut; kontatzen dute zer iritzi duten gaur egungo hezkuntzari buruz.
Zertan aldatu da hezkuntza?
Ikaragarri aldatu da. Francoren diktaduraren garaian, irakasleek edozein tontakeriagatik zigortzen zituzten ikasleak. Jo egiten zituzten. Institutuan, distantzia bat markatzen zuten irakasleek. [Donostiako] Amara auzoko Peñafloridan ikasi nuen, eta usted-ka hitz egiten ziguten. Irakasle Eskolan oso harreman ona genuen irakasleekin. Frantses Filologian sartu nintzen aurrena, baina eskasa zen nire frantses maila. Euskal Filologian sartzeko aukera izan nuen gero, nahiz eta apenas nekien euskaraz. Ordu asko sartu nituen euskara ikasten, eta azkenean lortu nuen espezialitatea ateratzea. Oso irakasle onak izan genituen Irakasle Eskolan, eta horietako bati eskerrak ere ematen dizkiot liburuan.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitza-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.