Kalera atera dira, beste behin, ELA sindikatua eta Karmelo ikastetxeko langileak
Kalera atera dira ELA sindikatua eta Karmelo ikastetxeko langileak, beste behin, azkeneko hauek bizi duten egoera salatzeko. 11:00etan bildu dira Andia kalean, Eusko Jaurlaritzako eraikinaren parean, eta elkarretaratzea egin dute. Kurtso amaieran itxi behar zuten Karmelo ikastetxea, eta enpresak langile guztiak kaleratu nahi izan ditu, gutxiengoa ordainduta eta enpleguaren mantenurako inolako planteamendurik proposatu gabe. Kaleratze kolektiboko prozesuan murgilduta daude orain.
Hilabeteak daramatzate hezkuntza sailak duen erantzukizuna aldarrikatzen; izan ere, ikastetxearen eraikina erosteko asmoa du Hezkuntzak, eta Mikel Uranga ELA Hezkuntzako bozeramaileak adierazi duenez, “irabazi potente bat” suposatuko lioke erosketa horrek enpresari: 12,8 milioi euro orain, eta hamazazpi milioi euro guztira.
Askotan bildu dira Andia kalean, Eusko Jaurlaritzako eraikinaren parean, enpresak irabaziko lukeen diru horrekin “langileen interesak defendatu behar direla” eskatzeko. “Hezkuntzak erantzukizun handia du lanpostu hauen bermatzean eta mantentzean”, adierazi du Urangak.
Ikasturtean zehar, 36 greba egun egin dituzte langileek, eta elkarretaratzeak egin dituzte kurtso amaieran, ikastetxe parean. Adierazi dutenez, borrokan jarraituko dute, mobilizazio eta elkarretaratzeak eginez, amaierara heldu arte. “Egiten zaigun planteamenduarekin, ez dugu beste aukerarik. Kaleratzeak daude mahai gainean, ezerezarekin”, azpimarratu du Ugaldek. Esan duenez, bide judizialetik jotzeko prest daude, baita ere.