Anoetako estadio txikia berrituko dute
Anoeta Kiroldegiko Administrazio Kontseiluak Anoetako estadio txikia berritzeko lizitazioa onartu du, eta Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak adierazi duenez, “luzaroan itxarondako eta erabiltzaileek eskatutako obra bat da”. Berritze “integrala” egiteko garaia dela gehitu du, estadioak ekipamendu “funtzionalago eta modernoago” bat izan dezan.
4,5 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Realak jarriko dute diru hori. Hala, kanpoko pistak eta atletismo eremu homologagarriak ordezkatzea aurreikusten dute, estatu mailako lehiaketak egin ahal izateko.
Berrituko dutena
Lan hauek aurreikusten ditu proiektuak: barne gela berriak sortzea, aldagela zabalagoekin eta egungo azalera bikoiztuko duen gimnasio moderno batekin, harmaila nagusia birmoldatuko da 1.298 eserlekuraino, atletismoko eraztuna inguratzen duen beroketa pistako tartana eta belar artifiziala berrituko dituzte, besteak beste, eta estalki berri bat jarriko dute.
Obrak lizitaziora aterako dira laster, eta behin hasita, urte eta erdiz luzatzea aurreikusten dute. Hori dela eta, gaur egun Anoetako estadio txikia erabiltzen duten klubek beste instalazio batzuk erabili beharko dituzte.