Donostiak zerga politika aldatu du, Europako Batasunak jarritako baldintzatara egokitzeko
Tokiko Gobernu Batzordeak 2025erako zerga arau proposamena onartu du, eta gaur goizean aurkeztu dute Eneko Goia Donostiako alkateak eta Pertsonen Kudeaketa, Ekonomia eta Aurrekontuen zinegotzi Kerman Orbegozok, batzarrarekin adostu eta gero.
Goiak azaldu duenez, proposamena “baldintzatuta” dago hainbat arrazoirengatik: udalak hainbat zerbitzu emateagatik kostuak handitu direlako, eta Europako Batasunak hondakinak jasotzeko zerbitzuak ezin duelako defizitik eduki. Azken horri lotuta, azpimarratu du erabiltzaileak direla hori ordaindu behar dutenak, proposamenaren arabera.
Zergak igotzea edota moldatzea
Orbegozok adierazi duenez, zerbitzuen kostuen handitzearen eta Europako Batasunak ezarritako baldintzen ondorioz, 23 udal zergetatik hamaika aldatuko dira, eta aldaketa horiek 8,2 milioi euroko diru sarrera gehigarriak ekarriko dizkiote udalari.
Hortaz, hurrengo zerga hauek %3,9 igotzea proposatu du udalak: Ondasun Higiezinen gaineko zerga (OHZ), Ekonomia Jardueren gaineko zergan ezarritako 3., 4., 5. eta 6. mailako kaleen egoera indizea, eta Hiri Izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga (Plusbalioa).
OHZren kasuan, gainera, aldaketek hainbat hobekuntza ekarriko dituzte: familia ugariek duten hobarian, alokairu programei utzitako etxebizitza hutsen hobarian, eta eguzki energia elektrikoa edo termikoa aprobetxatzeko sistemak instalatu dituzten higiezinen hobarian, hain zuzen ere.
Bestalde, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergak eta Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zergak ez dute aldaketarik izango, baina hainbat artikulu moldatuko dira: egun Elizak dituen salbuespenak kenduko dira, eta eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistemak erabiltzen dituzten obren gaineko hobariei buruzko artikulua hobetuko da.
Zerbitzuen tasak
Hainbat zerbitzu emateagatik ordaintzen diren tasei dagokienez, hauek aldatzea aurreikusten du udalak: hiri hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuaren tasa %26,54 handituko da, eta ondorioz, bi heldu eta bi haur bizi diren etxebizitza batean bizi direnek, 13,95 euro ordainduko dituzte urtean, pertsona bakoitzeko.
Ur hornidura eta estolderia tasak ere %1 eta %2,87 handituko dira, hurrenez hurren, eta, ondorioz, batez besteko ordainagiria 1,01 eta 3,79 euro handituko dira, hurrenez hurren. Era berean, nekazaritza ustiategi txikiek ordaintzen duten tasa 0,65 euroko tarifa aldakorra izatera pasako da (betiere ustiategi horien tamaina ez bada iristen Nekazaritzako Lan Unitatetzat (NLU) hartzen, denera).
Ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeari dagokion tasa (TAO) %7,8 handituko da eremu gorri eta berezietarako, %3,9 gainerako eremuetarako zein aparkatzeko baimen ezberdinetarako eta %10 Berioko autokarabanen aparkalekurako. Bestalde, Udal Garabi tasa ere %3,9 handituko da.
Azkenik, udal zerbitzu eta jarduerei dagokion tasa ere aldatuko dute, etxebizitzen atalean. Tasa hori Gizarte Ekintza departamentuaren zerbitzuen araudian dago aurreikusita, eta pisu bat egun bakoitzeko ordaintzen den zenbatekoari eragingo dio: zerbitzuak duen kostuari aurre egiteko tasa 7,5 eurotik 19,91 eurora handituko da. Hala ere, kasu askotan, departamentuak berak hartuko du kostua bere gain, erabiltzaileen ordaintzeko baliabide ezarengatik.
Egutegia
Behin Tokiko Gobernu Batzordeak proposamena onartuta, udal taldeei aurkeztuko die, eta taldeek hamar egun izango dituzte zuzenketak edota proposamenak egiteko. Ondoren, irailaren lehenengo hamabostaldian egingo da jardunaldi irekia, hiritarrei proiektua azaltzeko.
Iraileko Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketa eta proposamen horiek, eta irailaren azkeneko asteko udalbatzarrean proiektuari hasierako onarpena emango zaio. Behar izatekotan, abenduan onartuko da behin betiko.