«Lagunak egiteaz gain, asko ikasten da Euskarabenturan»
Uztailaren 1ean abiatu zen Euskarabentura espedizioa Mauletik, eta hilabete osoan zehar, Euskal Herri osoko txoko desberdinak ezagutzen ari dira 15-17 urte bitarteko 125 neska-mutil. Gaurkoan, Donostian egin dute geldialdia. Harrera egin diete udaletxean, eta ondoren, abordatze bat egin dute kaian, Piraten antzera, baltsak prestatu ostean. Maialen Espinosa eta June Zubeldia dira aurtengo espedizioan parte hartzen ari diren donostiarrak, eta beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Nolako esperientzia ari da izaten Euskarabentura?
Maialen Espinosa (M.E.): Niretzat esperientzia izugarria da, izan ere, lagunak egiteaz gain, asko ikasten da. Adibidez, nik behin ere ez neukan probatuta arropa eskuz garbitzea, eta plater bat garbitzeko ere ez dut inoiz sekulako ilara egin orain arte. Jendearekin horrelako gauzak bizitzea oso interesgarria da.
June Zubeldia (J.Z.): Nik ere iritzi berdina daukat. Etortzen zarenean, jendea ezagutu eta lagun berriak egiten dituzu. Esperientzia berriak bizitzen ari gara, eta Euskal Herria hobeto ezagutzen ere bai.
Zergatik erabaki zenuten espedizioan izena ematea?
J.Z.: Nik ikusi nuen ETBn atera zela jendea Euskarabenturan ondo pasatzen, eta interesa piztu zitzaidan. Euskarabenturari buruzko informazioa begiratu nuen, asko gustatu zitzaidan, eta parte hartzen saiatuko nintzela erabaki nuen. Azkenean, hemen gaude.
M.E.: Niri hasieran iruditu zitzaidan ideia eroa zela. Esaten nuen, ‘zergatik apuntatzen da jendea hemen?’. Gero, pentsatzen hasi nintzen, eta ikusi nuen hilabetez etxetik kanpo egotea, jende berria ezagutuz eta Euskal Herria ezagutuz, izugarria izan zitekeela. Beraz, nik ere izena ematea erabaki nuen.
Zer da gehien gustatu zaizuena orain arte egin duzuenetik?
M.E.: Gaubelak, izan ere, gauean egiten ditugun jardueretan primeran pasatzen dugu.
J.Z.: Niri ere bai. Batzuetan, hitzaldiak izaten ditugu, beste batzuetan pasta posta egoten da, eta hor gauza asko ateratzen dira. Jolasak ere egin izan ditugu, eta giro oso ona izaten dugu.
Jende berri asko ezagutuko zenuten, ezta?
M.E.: Bai, hemen familia baten gisakoak gara. Denok ezagutzen dugu elkar, eta inork ez du lotsarik. Beraz, inork ez du inor epaitzen, eta oso giro polita dugu denon artean.
J.Z.: Bai, egia da. Lehen egunetik egin ditugu oso harreman estuak, eta badago jendea oraindik ez duguna ezagutu, baina ondo egoten gara elkarrekin.
Gaur Donostian zaudete, zuen hirian. Nolakoa da zuentzat Euskarabenturarekin bertan egotea?
M.E.: Niri hasieran arraroa egin zait, etxea hemen dudalako eta niri buruari galdetu diodalako: ‘Zergatik nago hemen kamiseta laranja fosforito batekin?’. Baina bestalde, oso polita da, kalean ezagunak ikusten dituzulako, eta zu Euskarabenturarekin zaudelako.
J.Z.: Niri ere berdina gertatzen zait. Arraroa egiten zait, 100 lagun baino gehiagorekin nagoelako nire herrian, eta ezin naizelako etxera joan. Baina esperientzia hau ere oso ondo dago, Euskarabenturarekin zure herritik pasatzea, alegia.
Gomendatuko zeniokete jendeari Euskarabenturan parte hartzea?
M.E.: Bai, bai. Euskarabenturan sartzeko egiten den lanak merezi du, benetan. Jendeak hemen egon nahi du, eta denok egin dugu esfortzu bat hemen egoteko. Oso polita da, eta gomendatzen dut, bai.
J.Z.: Nik ere bai. Azkenean, esperientzia bakarra da, eta aurretik egin beharreko lana ez da hain zaila. Gogoa jartzen baduzu eta dena ondo pentsatzen baduzu, egokia da egiteko. Gainera, lanarekin ere asko ikasten duzu hainbat gaien inguruan. Nik uste dut esperientzia hau bizitzea ondo etorriko litzaiekeela denei.