Miriam Arrillagak Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko du
Abuztuaren 5ean, Miren Larrarteren aurka jokatuko du Plazandreak torneoko final, Bilbon.
Ikusmin handia zegoen ligaxkako azken jardunaldi horretarako eta, eguraldia lagun, Bilbo erdialdeko pilotalekua leporaino bete zen atzo. Halako giroarekin eta finalerako pauso bakarrera egonda, Miriam Arrillagak ezin zuen hutsik egin eta partida aurrera ateratzea lortu zuen. Akatsak izan zituen arren, aise gailendu zitzaion Aizane Ibarrolari (18-9), uhartearrari aukera oro kenduta.
Saketik min handia egin zuen Arrillagak, hasieratik. Pilotariak indar askorekin ematen dio pilotari lehen pilotakada horretan, eta Ibarrola ahal zuen moduan defendatu zen: “Saketik lehengoan baino hobeto ibili naiz gaur eta bigarren pilotakadan ez naiz oso eroso aritu baina puntuak eginda, oso gustura nago finalean egotearekin”, aitortu zuen, finala jokatu ostean.
Abuztuaren 5an, finala
Miriam Arrillagak Miren Larrarte bizkaitarra izango du aurkari abuztuaren 5ean, Bilbon jokatuko den finalean. Jokalariek ondo ezagutzen dute elkar, elkarrekin entrenatzen baitute, eta Arrillagak jakin badaki Larrarte “pilotari oso ona” dela eta euren arteko finala “oso gogorra” izango dela aurreikusten du: “Baina, tira, entrenamendu gehiago izango ditut hemendik aurrera, eta ea finala ondo prestatzen dudan eta susto txiki bat ematea daukadan”.