50 urte bete dira Uliako bizilagunak elkartu zirenetik
Uliako Auzo Elkartea 1975ean sortu zuten ofizialki. Ordea, 50 urte bete dira auzoko bizilagunak elkartu zirenetik. 1974an, Uliako hainbat herritar utzita zegoen Aketz txaletean sartzea erabaki zuten, auzoarentzako izan zedin. Ategorrieta kaleko 67. zenbakiko eraikina txukundu eta berritu zuten auzolanean. Gaur egun, Ulia-Ategorrietako zaharren egoitza da.
Donostiako Udaletxean erregistratu zen lehen auzo elkartea izan zen Uliakoa. Aipaturiko eraikina berritzeaz gain, diktadura garaiko Donostiako Udalak Uliako plan partziala onartu zuen 1972an. Ategorrietan, Intxaurrondon, Saguesen, Zemorian eta Uliak mendi magalean 102 eraikin eraistea aurreikusi zuten; guztira, 1.500 etxebizitza.
Sagueseko etxeak ez botatzea lortu zuen auzo elkarteak, baita Sagues urbanizatzea ere. Ordura arte, zulo handiz betetako aparkaleku erraldoi hutsa zen Sagues. Aldiz, azken 40 urteotan auzoarentzat azpiegiturak lortzeko tramitazioak eta bitartekaritza lanak egin dituzte. Hala nola, Nafarroa etorbideko anbulatorioa, Okendo Kultur Etxea, Manteoko frontoia, Zubiri-Manteo ikastetxea, Ulia mendia parke gisa kalifikatzea, Ulian hirigintza legea betearaztea, eta beste.
Dena dela, Ulia Auzo Elkartearen azken urteotako jarduera esanguratsuenak beste batzuk dira: Ulia-Ategorrietako Mintegien defentsa —Buskando eta Soroborda ur biltegiak erakutsi eta babestearekin batera—, eta Basque Culinary Center fundazioa Okendo Alde eremuan eraikitzen ari den egoitzaren kontrako posizionamendua.