Bizitza osoa egun batean, kontzertu batean, nota batean
Sinbolismoz eta une ahaztezinez beteriko kontzertua eskaini zuen Silvia Perez Cruzek asteartean Kursaalean, Jazzaldia behar bezala hasteko.
Toda la vida, un día diskoa aurkeztera etorri da oraingoan Jazzaldira (seigarrenez) Silvia Perez Cruz abeslari eta musikari katalana. Hain zuzen ere, kontzeptu horretan murgildu zuen Perez Cruzek asteartean Kursaal auditorioa lehenengo minututik, eta ikus-entzule guztien arreta bereganatu zuen emanaldiak iraun zituen bi orduetan zehar; aura izugarri indartsua duen pertsona da katalana. Horrela, bizitza oso baten errepasoa egin zuen Perez Cruzek kontzertuan, eta publikoak errepaso hori bera egin zuen.
Bost bloketan banatu zuen Perez Cruzek kontzertua, bizitzaren bost blokeetan, eta, bakoitzean, kolore jakin batez argiztatu zuen agertokia: haurtzaroan, dena horia zen; gaztaroan, urdina; helduaroa, berdea; zahartzaroa, zuri-beltza eta berpizkundea, gorria. Halaber, bloke bakoitzak doinu eta estilo propioak izan zituen, baina denetan zen agerikoa Silvia Perez Cruzen unibertsoa: poesia, esanahi handiko letrak, maila handiko musika eta sinbolismoa, etengabe; hori guztia, abeslariaren gertutasuna eta inprobisazio naturalak lagunduta. Era berean, aipamen berezia merezi dute Carlos Montfort, Marta Roma eta Bori Albero musikariek, instrumentu ugari jotzeko gaitasun izugarria erakutsi baitzuten, baita erraztasun handiz Kursaalean giro intimista sortzekoa ere.
Bost bloke, bost aro, bost kolore
Edertasuna eta naturaltasuna izan ziren nagusi bloke horian, haurtzaroan. Soilik sokazko instrumentuen doinuek lagunduta, “aurreiritzirik gabe entzun”, “loreak” eta “t’estim molt” kontzeptuak azaleratu zituen, ikus-entzule guztiak euren haurtzarora eramanez, bizitzaren garai inozente, hauskor eta eder horretara. Blokea ixteko, Mechita abesti ezaguna jo zuen, oraindik norbait kontzertuan sartuta ez bazegoen, guztiz sartu zedin.
Bloke urdina, gaztaroa bera bezala, metalikoagoa izan zen, gogorragoa eta, akaso, baita indartsuagoa ere. Bateria, teklatu eta saxofoi doinuak izan zituen blokeak, eta handitasunaren eta neurrigabetasunaren inguruan jardun zuen, hala baita gaztaroa: handia, neurrigabea, zabala eta mugaezina, baina, aldi berean, hauskorra, eta halakoak izan ziren bigarren bloke honetako abestiak ere. Nabarmentzekoa da, bereziki, blokearen amaieran Perez Cruzek egindako inprobisazio bikaina, zenbait poema eta pieza ezagun elkartu baitzituen abesti berean, tartean La Llorona.
Helduaroaren kolore berdeak hautsi zuen gaztaroaren urdinarekin, eta abeslariak berak azaldu zuen moduan, bloke lasaiagoa izan zen, “bi pertsonaren arteko elkarrizketa baten modukoa”. Hain zuzen ere, bereziki ederra izan zen Montfortekin batera, duo formatuan, abestu zuen Ayuda pieza. Blokearen itxiera ezin hobea izan zen Mi última canción triste; artistak berak azaldu zuen moduan, bere azken abesti tristea izango ez zela jakinda jarri zion izen hori, baina jakinda, era berean, “pena jakin horren amaiera” zela.
Zahartzaroan, ordura arte jantzita eduki zuen soineko horia arropa beltzarengatik aldatu zuen, baina argi utzi zuen zahartzaroa ez dela bizitzaren aro ilun bat: argi zuriak musikariek bloke horretan jantzi zituzten arropa beltzekin kontrastatzen zuen, zahartzaroaren argi-ilunak agerian utziz. Jazz klasikoaren zein musika klasikoaren zituzten piezak jo zituen Perez Cruzen zahartzaroaren blokean. Garrantzi berezia eman zion Liliana Herrero abeslari argentinarrarekin Uruguain pasatutako egunean bizitakoei, azaldu zuenez, orduan ulertu baitzuen bizitza oso bati eskainitako disko bat idazten ari zela, egun hartan bizitza oso bat bizi zutelako. Eta, bizitza osoa nota batean laburbiltzeko gai izan zen. Gogoratzeko, abeslariak plazaratu zuen ideia bat: “Abestiak hilezkorrak dira”. Izan ere, gogoratzen den oro ez da guztiz hiltzen.
Bizitza, ordea, ez da zahartzaroan bukatzen, ondoren berpizkundea baitator. Perez Cruzentzat, gorria da berpizkundea, “taupada baten modukoa”. Gaueko bigarren jantzi aldaketa iritsi zen berpizkundearekin, eta gorri kolorea nagusi izan zen eszenatokian, argiengatik ez ezik, baita jantziengatik ere. Doinu beroagoekin abiatu zuen blokea, Perez Cruzek musikariak zein bere lantalde osoa aurkezteko baliatu zituenak. Hitzari eta kantuari eman zien garrantzia azken bloke indartsu horretan abeslariak, ideia bati bueltaka: “Izendatzea ezinezkoa da”.
Irrintzi eta oihuen ‘momenticoa’
Momentico-ak dira sanferminetako une berezi horiek, herriarenak direnak, ahaztezinak eta maitatuak. Bada, momentico bat bizi izan zuen atzokoan Kursaalak. Abesti mexikar bat jotzear zenean, Perez Cruzek galdetu zuen ea mexikarrik zegoen auditorioan, baita baiezko erantzuna jaso ere. Oihu mexikarrak eskatu zizkien ikusle horiei, eta, jaso ostean, “oihu donostiarrik” ba ote dagoen galdetu zuen; baita erantzun gisa irrintzi bat jaso ere.
Irrintziak txundituta utzi zuen Perez Cruz, eta Kursaala goraino betetzen zuten ikus-entzuleei oihuak eta irrintziak eskatu zizkien bisean: Mañana abesti maitatuan. Horrela, Perez Cruzek eta ikus-entzuleek bat eginda amaitu zuten sinbolismoz beteriko emanaldi hori, elkarrekin bizitzari abesten eta oihukatzen.