Goi mailako kirolariek hartuko dituzte hiriko markesinak
Abuztuaren 6ra bitarte, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan parte hartuko duten hainbat kirolari autobus geltokietako irudi nagusiak izango dira.
Ostiral honetan hasiko dira udako Olinpiar Jokoak Parisen eta, horren harira, Donostia Kirolak mundu mailako txapelketa handian parte hartuko duten donostiarrak eta Donostiako klubetan jokatzen duten profesionalak omenduko ditu. Donostiako Udalak hamabost profesionalen irudia jarriko du hiriko 32 markesinetan, abuztuaren 6ra bitarte, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan parte hartuko dute kirolariak ezagutarazteko eta horien lana eta ibilbidea goraipatzeko helburuarekin.
Antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, “Donostiako kirolaren bikaintasuna bistaratzeko modu bat da”. Era berean, adierazi dute, Donostia kirolaren hiri dela frogatzeko adierazlerik argiena direla mailako kirolariak. Aipagarria da, esaterako, hamabost kirolarietatik Donostiako Atletiko klubak lau lagun izango dituela Olinpiar Jokoetan parte hartzen.
Hauek dira markesinetan egongo diren kirolariak: Maialen Chourraut (piraguista, Donostiako Atletiko), Pau Etxaniz (piraguista, Donostiako Atletiko), Miren Lazkano (piraguista, Donostiako Atletiko), Ander Cepas (mahai tenis jokalaria, Donostiako Atletiko), Begoña Lazkano (piraguista, Donostia Kayak), Maitane Etxeberria (eskubaloi jokalaria, Bera Bera), Alain Kortabitarte (skaterra), Andy Criere (surflaria), Jon Pacheco (futbolaria, Reala), Beñat Turrientes (futbolaria, Reala), Dario Brizuela (saskibaloi jokalaria, Bartzelona), Iñigo Llopis (igerilaria, Konporta KE), Nahia Zudaire (igerilaria, Buruntzaldea IKT), Fernando Mitxelena (tiratzailea, Kemen KE) eta John Cabang (atleta, Reala).