«Jendea ekartzeko eta hemen geratzeko, enpresa erakargarriak izan behar ditugu»
Proiektu estrategikoak luzera begirakoak direla uste du Insaustik. Langileak falta izatea arazo globala dela dio, eta euskarak balio erantsia ematen diola enpresa munduari.
Telekomunikazio ingeniaria da Ane Insausti (Donostia, 1984), eta, atzerrian ikasten eta lanean ibili ostean, Mubil mugikortasun adimenduneko zentroko zuzendaria izateko itzuli zen Euskal Herrira, aldundiko gobernuan sartu zen arte.
Zer moduz lehen urtea Ekonomia Sustapeneko diputatu gisa?
Oso azkar pasatu da, eta esango nuke oso positiboa izan dela. Erronka polita da esku artean izateko, eta, pertsonalki, ohore bat da aukera hau izatea, nire alea jartzeko, herri ikuspegitik ere bai. Tarte honetan, berrehun enpresa baino gehiagotan egon naiz.
Aldundiak bere plan estrategia atondu du, eta orain gutxi aurkeztu. Ekonomiaren ikuspegitik zer nabarmenduko zenuke plan horretatik?
Gure estrategia ongizate integrala da. Eta, abiapuntu horretatik, ekonomiaren alorrean gure ekarpena da ongizate horretara eramango gaituen ekonomia bat bultzatzea eta sortzea. Ekonomia indartsua, jasangarria bermatzea, dugun ehuna bermatzea eta aukera berriak sortzea. Horrekin lotuta, lau helburu dauzkagu: kalitatezko enplegua sortzea, eraldaketa berdea egitea, ekonomia ehuna sendotzea, eta zientzian eta garapenean dugun apustu hori indartzea.
Hari horretan, proiektu estrategikoetan apustu handia egin du aldundiak. Nola doaz? Asmatu da guztietan? Ari dira aurrera egiten?
Aurrena, aipatuko nuke proiektu estrategikoak herri ikuspuntuan oinarritzen direla; Gipuzkoak gauza zehatzetan dituen indarguneetan, mamian, zentratuko dira, erreferentzialtasuna irabazteko. Eta beste ezaugarri oso garrantzitsua da luzera begirako apustu ausartak direla.
Nola dauden proiektuak? Bi multzotan banatuko nituzke. Batzuk jada finkatze fasean daude, eta horien artean aipatuko nuke, adibidez, Elkarrekin Lanean. Bazterkerian edo bazterkeria arriskuan daudenei formakuntza ematen zaie, ibilbide pertsonalizatuak eginez laneratzeko. Haren inpaktua neurtzen hasi gara, eta iaz ia hirurehun pertsona laneratu genituen proiektu horren bidez.
Elkarrizketa hau Berria egunkaritik ekarri dugu. Osorik hemen irakur dezakezue.