John Lee Hooker blues musikari mitikoak Trinitate plazan jo zuenekoa, bideoan
Jazza eta bluesa anai-arrebak dira, eta, beraz, jazzaren eta bluesaren historiako musikari eta talde handienak Donostiako Jazzalditik pasatu dira jaialdiaren 59 urteko ibilbidean: Miles Davis, BB King, Muddy Waters, Weather Report, eta abar luze bat. Ordea, horietako asko etorri ziren garaiko argazki gutxi daude (edo bat ere ez), are gutxiago bideoak.
Euskadiko Filmategiak, aldiz, dokumentu historiko bat berreskuratu eta sare sozialetan zabaldu du: John Lee Hooker (Tutwiler, Mississippi, AEB, 1917-Los Altos, Kalifornia, AEB, 2001) blues gitarrista eta abeslari mitikoa Jazzaldian egon zeneko bideo bat. Zehazki, IV. Jazzaldiko bideo bat da, 1969. urtekoa —1976an, berriz jo zuen Jazzaldian—, eta estatubatuarra Parte Zaharreko Trinitate plazan jotzen ageri da; jarraian ikus dezakezue:
➡️John Lee Hooker blues abeslari eta gitarristaren kontzertua Donostiako Trinitate plazan IV. @jazzaldia n (1969).
— Euskadiko Filmategia (@filmotecavasca) July 24, 2024
➡️Concierto del cantante y guitarrista de blues John Lee Hooker en la plaza de la Trinidad de Donostia en la IV edición del @jazzaldia (1969).
🎥José Luis Urquía pic.twitter.com/MxqGGo8Ir8
John Lee Hooker bluesman historiko bat izan zen, XX. mendean zehar disko asko eta asko argitaratu zituena; bere abestirik ezagunena 1962an argitaratutako Boom Boom da. Delta blues deritzon estiloa jotzen hasi zen 1940ko hamarkadaren bukaeran, akustikoan, eta 1960ko hamarkadan, blues britainiarraren arrakastarekin —besteak beste, gaur bertan hildako John Mayallek bultzatutakoa— doinu elektrikoagoetan murgildu zen, betiere, bluesari fidel izanik. Edozein blues zalerentzat, erreferentziazko musikari horietako bat da.