Neska gazte bati Espainiako bandera kendu izana gaitzetsi du Donostiako Udalak
Gertaera hilaren 14an jazo zen, Plaza Berrian, Eurokopako finalaren aurretik.
Donostiako Udalak Espainiako neska gazte bati Espainiako bandera lepotik kendu izana gaitzetsi du gaurko udalbatzarrean. Alderdi popularrak aurkeztu du adierazpen instituzionala eta jeltzaleek eta sozialistek babestu dute. Adierazpen horretan, hilaren 14an Plaza Berritik igaro zen neskaren “askatasuna murriztu” zutela adierazi dute eta udal taldeek babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan diote gazteari.
Adierazpenaren arabera, horrelako gertaerek “garai ez hain urrunak ekartzen dituzte gogora, hiri honetan eta beste batzuetan pertsonak mehatxatu, beldurtu eta erailtzen baitzituzten beren ideologiagatik edo lanbideagatik bakarrik”. Hala, bi mutilek neskari “egindako erasoa publikoki salatzera behartuta” daudela iritzi dute.
Borja Corominas PPko bozeramailea pozik agertu da adierazpenak izan duen babesarekin, baina aldi berean, harrituta agertu da, EAJk ez baitu adierazpen instituzionalaren hirugarren puntua babestu; hau da, udalbatzak onartutakoa ez zaiolako iritzi publikoari jakinarazi, udalaren webgunearen, sare sozialen eta prentsa oharren bitartez. Corominasen arabera, bestalde, EH Bilduren abstentzioak argi erakusten du “oraindik egiteko duen ibilbide etiko izugarria”.