Presoen aldeko mobilizazioa egingo dute Etxeratek eta Sarek Donostiako hondartzetan
Etxeratek antolatu ohi duen hondartzetako mobilizazioa Sare Herritarrarekin batera antolatu dute aurten, lehenengoz. Abuztuaren 4an egingo dituzte mobilizazio horiek, 12:00etan, Euskal Herriko sei hondartzetan. Donostian aurkeztu dute egitasmoa gaur goizean, eta nabarmendu dutenez, elkarlanean egingo dute bi antolakundeek, “guztion ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea”.
Mobilizazioak Kosta ala kosta etxera! lelopean egingo dituzte egun horretan, Bizkaiko hiru hondartzetan eta Gipuzkoako beste hiru hondartzetan. Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan hain zuzen. “Sei hondartza, sei aldarrikapen gune, Kantauri itsasoko kostalde zabalean luzatuko dugu gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra”, aladarrikatu dute.
Herritar guztiak animatu dituzte mobilizazioetan parte hartzera, eta hondartzetara bainujantziekin, surf taulekin, flotagailuekin, piraguekin, traineruekin, banderolekin eta halako elementuekin joateko gonbidapena egin dute.