Zurriolako gaueko kontzertuetarako, zirkulazio dispositibo berezia prestatu du udalak
Gaur (hilak 24), Jazzaldiko Zurriola hondartzako gaueko kontzertuak hasiko dira, eta jendetza batu ohi denez, ibilgailuen zirkulazioa erregulatzeko neurrien dispositibo berezia prestatu du Donostiako Udalak, “behar izanez gero eta jendetzaren arabera martxan jarriko dena”, udalak ohar baten bidez azaldu duenez.
Horrela, garraio publikoari dagokionez, igandera arte (hilak 28), Dbusek gaueko autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu auzo guztietara. Hain zuzen ere, hilaren 24an, 26an eta 27an, autobus zerbitzuak 04:00etan amaituko dura. 25ean eta 28an, aldiz, zerbitzuak 00:00etan bukatuko dira. Halaber, Lurraldebusek ere ordutegi bereziak eskainiko ditu gaueko zerbitzuetan.
Bestalde, 1-1, 1-2 eta 2-1 sektoreetako egoiliarrentzako TAO aparkaleku baimena duten herritarrek aukera izango dute euren ibilgailuak hiriko gainerako sektoreetan libre aparkatzeko, irailaren 30era arte, aparkatzen duten eremuko TAOa dutenen baldintza berberetan. Hala ere, egoiliar hauek ezin izango dute euren ibilgailua doan aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (hamabost eremuko guneetan) araututako ordutegiaren barnean.