Bertsotan hasi dituzte Zubietako Herri jaiak
Festak hasteko irrikaz zeuden Zubietan, eta plaza toperaino bete zen jai giroa lehen unetik bizitzeko. Txupinari su eman zioten arratsaldeko zazpietan, eta bertsotan ekin zioten zortzi eguneko egitarauari. Esker onean hasita, jaien laguntzaile eta bultzatzaile oro izan zuten gogoan. Bertsoen doinuen bitartez, halaber, helarazi zituzten jaietako jarduera esanguratsuenak, egunez egun: soka dantza, errebotea, oilasko bilketa eta desafiyua izan ziren aipatutako batzuk.
Bertsoen ondotik, hitza hartu zuten hainbat kidek herritarren arteko elkartasuna erdigunean jarri eta egunotan bizi duten giroari jarraipena eman diezaiotela eskatzeko: “Denok lagundu behar dugu festak giro onean aurrea egiten. Denon artean eskua luzatu, elkarri, umorez, eta munduak beste aurpegi bat ere baduela erakutsi: Alaitasuna, bizipoza eta gozamena ere badirelako gureak”.
Zubietan argi dute penak astebetez baztertuko dituztela, eta horretarako, adin eta gustu guztietarako jardueren uztartzea izaten da giltzarri. Atzo ere hala ibili ziren, izan ere, haurrek eta buruhandiek hartu zuten plaza; gurasoek berriz, tabernaren inguruak, eta adinekoen kasuan, harrizko eserlekuetatik gozatu zuten giroaz. Metro batzuk atzerago, elizaren beste aldean, elkartu ziren gazte taldeak, Elene eta Anuk abeslarien ahotsez gozatzeko.
Jarraian dituzue txupinaren osteko argazkiak: