Elkano Browning Cream, Merina Gris, The Fake Cousins eta beste
Gaur, hilak 25, askotariko emanaldiak izango dira Jazzaldian.
Erritmoa bizitzen hasi da 59. Jazzaldia. Hilaren 28ra bitarte, egunez egun, askotariko proposamenez gozatzeko aukera izango dute gune bakoitzera hurbiltzen direnek. Gaur, hilak 25, Donostiako musika taldeak izango dira protagonista, besteak beste.
Goizetik eguerdira, hiru emanaldi izango ditu jaialdiak; horietatik bi, Donostian. Batetik, 11:00etan William Parker Duo ariko da zuzenean San Telmo museoan. Gogora dezagun, Parker kontrabaxu jotzaile estatubatuarra dela aurtengo Jazzaldia Saria. Bestetik, Jazzeñe programaren barruan, Mariola Membrives Duo eta R.S. Basque Faktor taldeek joko dute, 12:30ean, Viktoria Eugenia antzokian. Bestalde, Noa & The Hell Drinkers donostiarrak Txillida Lekun izango dira 12:30ean, Txikijazz programaren baitan.
Arratsaldean, eskaintza oparoagoa izango da. Marisa Monte abeslaria eta haren banda Kursaaleko auditorioan ariko dira (18:30), eta Carolina Katun Frigo gunean (18:30). Paul San Martin kide duen The Fake Cousins hiruko donostiarrak, berriz, aurreneko emanaldia eskainiko du Nauticool gunean (19:30). Horren harira, hedabide honek San Martin elkarrizketatu du. Horrez gain, Marcin Masecki Trio Fnac-en izango da (20:00), Carole Alston Maria Kristina hotelean (20:00), eta Bigyuki banda eta Tomoaki Baba musikaria elkarrekin ariko dira Frigo gunean (20:00).
Iluntzetik gauerakoa, klasikoa, dantzagarria eta alternatiboa izango da. Trinitate plaza Potter, Mehldau, Patituchi eta Blake musikariek hartuko dute, Youn Sun Nah musikariarekin batera (21:00). Hondartzako Keler gunean, berriz, Merina Gris (21:00) eta Shinova (23:30) ariko dira, bata bestearen segidan. Tartean, Frigo gunean, Mikel Azpiroz donostiarra buru duen Elkano Browning Cream hirukoak joko du (22:30).