Kaiko amarralekuen afera «irtenbide zailekoa» dela aitortu du udalak
Donostiako kaiko amarralekuen arazoak konponbiderik gabe jarraitzen du. Iazko otsailean, Gasteizko Administrazio Auzietako 1. epaitegiak bertan behera utzi zuen Euskal Kirol Portuak erakundeak (EKP) 2021ean egindako amarralekuen banaketa. Ordutik, amarralekuen aferak ez du ez aurrera eta ez atzera egin. Gaiari buruz maiz aritu dira azken hilabeteotan udal batzar aretoan. Besteak beste, udalak Eusko Jaurlaritzari gaiari heltzeko eskatu diote.
Atzo, uztaileko udalbatzarra egin zuten, eta EH Bilduk amarralekuen aferari konponbide bat emateko kontrol mozioa aurkeztu zuen. Udal gobernuari eskatu zioten Eusko Jaurlaritza berriarekin harremanetan jartzeko, aipaturiko gaiari irtenbide bat emateko. Zehazki, 2017an amarralekuak zozkatzeko jarritako irizpideak aldatu beharko liratekeela uste du EH Bilduk. Are gehiago, zozketan Donostian erroldaturiko pertsonek eta antzinatasuna dutenak, besteak beste, lehenestea eskatu dute.
EAJren eta PSE-EEren udal taldeek kontrol mozioaren kontra bozkatu zuten. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen udala urratsak egiten ari dela dagoeneko amarralekuen arazoa konpontzeko. Dena dela, aitortu zuen “irtenbide zailekoa” dela, “desoreka nabarmena dagoelako eskariaren eta eskaintzaren artean”. Bestalde, Arzallusek esan zuen udala prest dagoela amarralekuen egungo adjudikazioaren prozesua etetea aztertzeko.