Lokalaren aferak irtenbide bat behar duela aldarrikatzeko mobilizatuko da Auskalo aisialdi taldea
Larunbatean (hilak 27) egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan, Antiguako Alfontso XIII.aren plazan.
Antiguako Auskalo aisialdi taldeak maiatzean iragarri zuen lokalik gabe geldituko dela laster. Hain zuzen ere, Alfontso XIII.aren plazako San Sebastian Martiriaren elizaren azpian dagoen lokal bat erabili dute azken 34 urteotan, baina Gotzaindegiak berak azaldu zuenez, lokalari “irtenbide berri bat emateko premia” du parrokiak, dituen arazo ekonomikoak direla eta. Horrela, Auskalok ez ezik, Antiguako beste hainbat eragilek erabiltzen duten lokalik gabe geldituko da auzoa.
Hori dela eta, irtenbide baten bila aritu dira hilabeteotan: Urtez urte izena ematen duten eta gure jardueretan parte hartzen duten 120 gazteen familiek babesa eman ziguten irtenbide bat bila genezan, lehenengo Gotzaindegiarekin eta gero udalaren bitartez. Aldi berean, 3.000 sinadura inguru bildu genituen [hemen sinatu daiteke]”, azaldu du aisialdi taldeak, ohar baten bidez.
Ordea, irtenbiderik gabe jarraitzen du lokalaren aferak: “Zoritxarrez, gure ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira. Hitz on asko esan ondoren, Errioxako bi asteko kanpalditik itzultzear gaude, erantzunik gabe eta 34 urteren ondoren azkena izango ote den beldurrez. Elizak eta udalak —maiatzean bildu ginen harekin, baina orain arte ez digute irtenbiderik eman, ezta itxaropenen antzekorik ere— bizkarra eman digute”.
Hori dela eta, aipaturiko kanpalditik itzultzean, larunbat honetan (hilak 27), aisialdi taldeko arduradunek, haur eta gazte erabiltzaileek zein euren bila joango diren senideek elkarretaratzea egingo dute Alfontso XIII.aren plazan, 18:00etan, “erakundeei premiazko irtenbide bat eskatzeko”.