Udalak hiru haur eskola berri irekitzea aurreikusten du 2026rako
Uztaileko udalbatzarrak askorako eman zuen, udal taldeen udako oporren atarian. EH Bilduk aurkezturiko kontrol mozio baten harira, Donostiako Udal Gobernuak hiriko haur eskolen etorkizunari buruzko informazioa eman zuen. Cristina Lage zinegotzi sozialistak aurreratu zuen hainbat neurri hartuko dituztela haur eskolen eskari altuari erantzuteko.
Horiek horrela, udalak hiru haur eskola berri irekitzea aurreikusten du 2026rako. Loiolako Erriberan, Grosen eta Intxaurrondon irekiko dituzte. Hiruetatik lehena Loiolako Erriberakoa izango da, 34 haurrentzako lekua izango du, eta lanak urte bukaerarako hastea aurreikusten dute. Beste bi haur eskolen proiektua Europako Next Generation funtsen diruaren zain daude. Nolanahi ere, orotara, haurrentzako beste 100 plaza inguru sortuko dituzte hiru haur eskolekin.