Altzatarren udaletxea etxe itxia izan ez dadin
Ekialdeko Barrutiaren egoitza lekualdatu zutenetik, Altzako udaletxe zaharra itxita, hutsik eta erabilerarik gabe dago. Ordea, udaletxe bat herriaren etxea da, eta, horregatik, altzatarrek erabili ahal izatea eskatzen ari da Altzako Historia Mintegia.

Altza urte luzez izan zen udalerri independente, hainbat urte tartetan; azkenekoz, 1937ra arte izan zen independente, Gipuzkoa tropa frankisten esku gelditu eta, horien babesarekin, Donostiak Altza bereganatu zuen arte. Ordura arte, San Martzial plazan dagoen udaletxe zaharretik gobernatu zuten herria, eta, hain zuzen ere, eraikin hori izan da duela gutxi arte Ekialdeko Barrutiaren egoitza; Intxaurrondoren, Altzaren eta Bidebietaren gobernantza erakundearen egoitza, alegia.
Aurtengo apirilean, ordea, Donostiako Udalak Altzako Harrobieta plazako 17. zenbakiko instalazioetara lekualdatu zuen Ekialdeko Barrutiaren egoitza, eta ez zuen argitu zer gertatuko zen San Martzial plazako eraikinarekin.
Hiru hilabete pasatu dira, eta udaletxe zaharrak itxita eta hutsik jarraitzen du; soilik San Martzial jaietan erabili ahal izan zuten altzatarrek, ohiko legez. Horrekin kezkatuta, eraikinari erabilera bat emateko eskatzen hasi dira Altzako Historia Mintegitik, helburu argi batekin: herriak berea den etxea erabili ahal izatea.
Aspaldiko kontua
Altzako Historia Mintegiko Iñigo Landak gogorarazi du udalak duela hainbat urte adierazi zuela barrutiaren egoitza lekualdatzeko asmoa, eta, horregatik, 2019an, eraikina berritzeko proposamena aurkeztu zutela mintegikoek: «Proposamen horretan, Altzako herriko etxea eraberritzeko eta eguneratzeko proiektu tekniko bat egitea eskatu zitzaion Ekialdeko Barrutiko Batzordeari: Altzako udaletxea eraberritu eta gaurkotzeko proiektu tekniko bat egitea, non gaurko eraikinak betetzen ez dituen oinarrizko baldintzak, irisgarritasuna, bereziki, zuzentzeaz gain, eraikin enblematikoaren izaera zainduko den eta barrutiaren baitan planteatzen ari diren eta etorkizunean planteatu daitezkeen behar zehatzei erantzuteko egokituko den. Bost urteotan, ordea, ez dute ezertxo ere egin».
Hain zuzen ere, udalak oro har ondarearekin duen jarreraren erakusgarri da hori, Landaren arabera: «Ondarearekiko duten jarrera penagarria da, ez daukate inolako interesik horrekin. Hiriko erdiguneko guneekin, San Bartolomerekin esaterako, egin dutena egin badute, zer ez dute egingo Altzan?».
Horrela, mintegikoek ez dute nahi Altzako udaletxe zaharraren ondoan bertan dagoen eraikin batekin gertatutakoa errepikatzea: «Medikuaren etxea izandakoa daukagu hemen ondoan, Barbotegi, garai batean Afrikatik etorritako migratzaileentzako etxe izan zena baita ere, baina aspalditik itxita dagoena. Gero, besteak beste, esaten dugu etxebizitza beharra dagoela, baina hemen eraikin publikoak hutsik daude».
Izaera handiko gunea
Egungo eraikina XIX. mende amaierakoa da, eta ondarearen babeserako udal planean babes maila baxua badu ere, fatxadako elementuak babestuta daude —harlanduzko piezak eta bi eguzki erloju, besteak beste—. Hain zuzen ere, Landak salatu du udalak babes hori «aitzakia» gisa erabiltzen duela edozein esku hartze egiteko garaian: «Altzako udalbatzako azken zinegotziak omendu genituenean, batzuk 36ko gerran fusilatuak, udaletxeko kanpoaldean euren omenezko plaka jartzeko ere eztabaidatu behar izan genuen».
«Altzaren ibilbide historikoa erakusteko eta dibulgazio lana egiteko espazio bat izan daiteke udaletxea»
Iñigo Landa, Altzako Historia Mintegiko kidea
Hala ere, babes maila gora-behera, altzatarrentzat garrantzi handiko gunea da, Altzako herritarren etxe historikoa delako, Altzako Udaleko zinegotziek erabiltzen zituzten altzari historikoak daudelako barruan —horietako asko auzotarrek auzolanean konpondutakoak— eta gune historiko batean dagoelako: «Inguru guztia da garrantzitsua: kontzeju etxea [udaletxea, alegia], parrokia, medikuaren etxea, zenbait etxe historiko, herri kirolentzako espazioak (probalekua, frontoia…), Bixente Iruretagoienaren omenezko bustoa, euskaldun berriei eskainitako eskultura, Mikel Zabalzaren omenezko horma irudia, eskola zaharra, Joan Mari Irigoienen omenez egingo duten horma irudia, hilerria… Sinbolismo handiko multzoa da hau, multzo historikoa», azaldu du Landak.
Horregatik, ildo horretatik doa histioria mintegikoen proposamena udaletxe zaharrerako: «Aipaturiko guztiaz gain, Altzan, azken hamarkadotan, garrantzi handia izan dute emakumeen mugimenduak eta auzo elkarteen mugimenduek. Horregatik, uste dugu ibilbide historiko hori guztia erakusteko eta bereziki gazteentzako dibulgazio lana egiteko espazio bat izan daitekeela».
Hala ere, argi dute altzatarrek erabaki beharko dutela zer egin udaletxe zaharrean: «Prozesu parte hartzaile bat egiteko proposamena sartu dugu barrutian, jendeak mahaigaineratu ditzan Altzak dituen beharrak, horrela aukerak aztertu ahal izan ditzagun. Hala ere, udalak ez badu erantzuten, beste bide batzuk jorratzen hasi beharko gara, altzatarrekin bilerak egiten besteak beste, udaletxea irekia izatea lortzeko».