Getxon eta Lekeition lehiatuko dira Donostiako traineruak asteburuan
Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak jokatuko dira Bizkaiko uretan, larunbatean eta igandean. Donostiarrako bi ontziak eta Donostia Arraun Lagunakena euren onena ematen saiatuko dira.
Euskotren Ligan, Donostia Arraun Lagunak garaiezin dabil, orain arte jokatutako zortzi estropadak irabazi eta banderak astindu baititu. Horrela, bolada horri eusteko helburuarekin aterako dira itsasora bai larunbatean Getxon (17:25), bai eta igandean Lekeition ere (11:25). Donostiarrako neskak ligako laugarren traineru onena dira, baina lehenengo hiruen artean sartzen saiatuko dira, gutxienez.
Eusko Label Ligari dagokionez, helburu argi bat dute buruan Donostiarrako mutilek: ligako lau traineru onenen artean egotea. Horrela, helburu horrekin eta, akaso, banderaren bat astintzeko helburuarekin baita ere, gogor lehiatuko dira larunbatean Getxon (18:21) eta igandean Lekeition (12:21).