Gregory Porterren «intentsitate emozionalak» girotuko du gaur Jazzaldia
Gregory Porterrek emanaldia eskainiko du gaur Jazzaldian. 2013an hartu zuen parte jaialdian lehen aldiz, eta Gregory Porterrek (ahotsa), Chip Crawfordek (pianoa), Emanuel Harroldek (bateria), Tivon Pennicottek (saxoa), Jahmal Nicholsek (baxua) eta Ondrej Pivecek (Hammond) osatzen dute taldea. 21:00etan izango da kontzertua, Trinitate plazan.
Abeslari “dotorea eta sofistikatua” da Porter, jaialdiko antolatzaileen ustetan. Azaldu dutenez, “gaur egungo jazzean dagoen abeslaririk onenentzat” hartzen da, bere ahots “paregabe, boteretsu, sentsual eta erakargarriarengatik”. Publikoarekin konektatzen dakiela eta generoak gainditzen dituela ere gehitu dute, beste gauza batzuen artean.
Sacramentokoa (Kalifornia, Amerikako Estatu Batuak) da baritonoa, jatorriz, eta bluesaren, gospelaren eta soularen eraginak jaso ditu; hala, 38 urterekin egin zuen debuta, Water (2010) diskoarekin. Orduz geroztik, beste lau bakarkako lan argitaratu ditu, eta zazpi izendapen eta bi sari jaso ditu Grammy sarietan. Milioika diskoren salmenta lortutako sarien osagarri izan da, gainera.
2013an Kursaaleko terrazetan emandako lehen kontzertuaz geroztik, abeslariaren ibilbide musikala jarraitu du jaialdiak.