Iltzea bizirik dago, eta Loiolan bizi da
lltzearen ehorzketa egiten dute urtero Loiolako jaietan, festei amaiera emateko. 30 urte baino gehiago dauzka jarduera horrek honezkero, eta Mikel Peluagak, ideia eduki zuen loiolatarrak, horren zergatia azaldu du.

Kartoizkoa zen duela 30 urte inguru, eta bost metroko luzera zuen; paperez betetzen zuten, eta aluminio paperarekin forratu. Hala, San Ignazio egunaren amaieran, erre egiten zuten plazan, jaien amaierako trakarekin batera.
Loiolako auzokide askok, ordea, ez dakite zergatik den iltzea, euren jaietako ikurra. Zergatik igotzen den jaien lehenengo egunean. Zergatik jaitsi, bere ehorzketaren ondoren. Ideia, ordea, duela 30 urte inguru eduki zuen Mikel Peluagak, orduko jai batzordeko kide batek, eta, gaur egun, oraindik, tradizioari eusten diote auzotarrek, uztailaren 31 guztietan. Azaldu duenez, Donostiako inauterietatik dator Loiolako jaietan iltzearen ehorzketa egitearen ideia: «Inauterietan sardina erretzen den moduan, guk iltzea erretzen genuen».
Zaharrak berri
Auzoko kuadrilla batek hartzen zuen, urtero, iltzea egiteko ardura. Duela ia 25 urte, 2000. urtearen bueltan, ordea, gaur egun dagoena egin zuen Iñaki Coloma auzokideak, bere seme Iñakiren kuadrillari egokitu baitzitzaion iltzea egitea. Kultur etxean eraikitzen zuten kuadrillek iltzea, Peluagak esan duenez.
Baina, nondik dator, ordea, ikurra iltze bat izatearena? Zergatik da, zehazki, iltze bat? Jaietan egiten den parrandarekin lotu du Peluagak: «Parrandan irten eta biharamuneko ajeari tener clavo esaten zaio, gaztelaniaz. Guk, Loiolako jaietan, aje hori erretzen dugu, azkeneko eguneko iltzearen ehorzketan». Parke zaharrean egiten zuten hori, gaur egungo Latsarien plazan, alegia. Egun, hortxe hasi eta bukatzen da ehorzketa, baita ere, eta traka egiten dute gero, jaiei amaiera emateko.
Plazan bizi da, orain
Txupinazoan igo izan dute loiolatarrek iltzea, Latsarien plazan. Lehen, ordea, Eliza kalean igotzen zuten, eta «festa handia» izaten zen: «Abesbatzak kantatu izan du igoeran, pregoia egiten zen…», adierazi du Peluagak. Pregoi horretan auzoko gai «sentiberak» ateratzen zirela aitortu du, barrez: «Topoko obrak izan ziren, beste batzuen artean, landu zen horietako bat».
Aurten ere igo eta jaitsi egingo dute, urteroko legez. Plazan eskegiko dute, kandelak piztuko dituzte, eta «negar» egingo dute iltzearen ehorzketan, txarangaren erritmora. Agur esango diote, baina iltzeak bizirik jarraituko du, eta Loiolan biziko da.