Jazzaldian bor-bor, Hammond organoaren erritmora
Apustu segurua da Mikel Azpiroz pianista donostiarraren Elkano Browning Cream taldearen kontzertu bat ikustera joatea. Jazzaldian jo zuen atzo, eta, beste behin ere, taldearen azken-aurreneko diskoaren izenburuak dioen moduan, "bor-bor" jarri zuten agertokia.
Nazioarteko jazzaren eta jazzaren musika ahizpen izar handiak ikusteko aukera dugu urtero Donostiako Jazzaldian, baina baita tokiko musikari apartak agertoki handietan ikustekoa ere. Hain zuzen ere, atzo (hilak 25), besteak beste, aukera izan genuen zuzenean ikusteko Paul San Martin blues pianista donostiarraren The Fake Cousins —gaur, bihar eta etzi ere Nauticool agertokian arituko dira, 19:3oean—, Merina Gris pop zakar eta elektronikoko talde donostiarra eta Mikel Azpiroz pianista donostiarraren Elkano Browning Cream hirukotea. Azken horretan zentratuko da kronika hau, bereziki.
Talde esperientziaduna da dagoeneko Elkano Browning Cream, 2006tik hona sei disko argitaratu baititu —Elkano Browning Cream, 2, Bohemia, Uh Eh, Bor Bor eta Eup!—, baita hamarnaka kontzertu eman ere. Eta, hori nabaritzen da euren zuzenekoetan.
Lehenengo minututik, Azpirozen Hammond organoaren doinu indartsuek Frigo agertokian bildutako jendetza inguratu zuen, Dave Wilkinson gitarrista apartak eta Franck Mantegari bateria bikainak lagunduta, jakina. Bide batez, zer gutxi hitz egiten den Donostiak dituen pianista handiez: Mikel Azpiroz, Paul San Martin, Iñaki Salvador, Joserra Senperena…
Bluesa da Elkano Browning Creamen musikaren hari eroalea, baina bluesaren klasikoen bertsioak egiten dituen talde soil bat izatetik urrun dago, bai abesti propioak sortu eta jotzen dituztelako, bai organoak bestelako ukitu bat ematen diolako bluesari, bai eta tarteka bluesaren egituretatik ihes egin eta bestelako estiloak ukitzen dituztelako ere, beti bluesera bueltatzeko.
Hori guztia ordubete eskaseko kontzertuan erakutsi zuen atzo hirukoteak, euren ibilbideko disko gehienetako abestiak joz. Bereziki nabarmentzekoak, Bor Bor kanta indartsua eta Chico Berroeta, besteak beste. Halaber, bertsioren bat edo beste ere grabatu izan du hirukoteak, eta hori ere egiten badakitela erakutsi zuten atzo zuzenean, My Babe klasikoaren bertsio bikainarekin. Beste behin ere, Elkano Browning Creamek Jazzaldira bertaratutakoak bor-bor jarri zituen, gozarazi egin zituen.
“Utzi bakean Donostia!”
Jazzaldiak Zurriolako hondartzan antolatu ohi dituen kontzertu asko eta askorekin gertatzen den moduan jazzarekin zerikusi gutxi duten arren, aipamen berezia merezi du Merina Gris talde donostiarrak Keler agertokian emandako kontzertuak. Izan ere, euren doinu elektroniko indartsuek eta taldekideen eszenaratzeak berak hondartza jan zuten, baita dantzan jarri ere. Donostiako zein inguruko jaietan sarritan ikusitako taldea da askorentzat, baina ez du inoiz huts egiten. Bereziki nabarmentzeko, Donostiako hiri ereduari eskainitako abestia, esan zutenez, lehenengo aldiz jo zutena zuzenean: “Donostiako turismo ereduak, etxebizitzaren arazoak… erantzule batzuk dituzte, izen-abizenekin”, esan zuen Paskalek aurkezpenean. Eta, abestian, mezu argia helarazi zieten erantzule horiei: “Utzi bakean Donostia!”.