Klara Cahynova fitxatu du Realak
Klara Cahynova erdilari txekiarra fitxatu du Realak, eta 2025-2026ko denboraldiaren amaierara arte sinatu dute kontratua.
Cahynova esperientzia handiko erdilaria da eta Sevilla taldetik dator. Bere ibilbidea Slovacko taldean hasi zuen eta ondoren SK Slavia Praha taldean aritu zen (zortzi denboraldiz bi etapatan); lau liga eta bi kopa irabazi eta Txapeldunen Ligako final-laurdenetara iritsi zen 2015-2016ko denboraldian.
2018tik 2020ra, Turbine Potsdam talde alemaniarrean jokatu zuen, eta azken hiru denboraldietan funtsezko pieza izan da talde sevillarraren erdialdean. Gainera, internazionala da Txekiar Errepublikako selekzioarekin eta bere herrialdeko jokalaririk onena izendatu zuten 2023an. Orain, “Realera iritsiko da zelai erdian bere esperientzia eta kalitatea eskaintzeko”, nabarmendu du klubak. “Oso pozik eta hasteko prest” agertu da jokalaria.