'Kuadrillolinpiada' jendetsuak, lehen aldiz, Loiolako jaietan
Gaur hasi eta asteazkenean amaituko dira Loiolako jaiak, eta egitarau zabal bezain luzea antolatu du jai batzordeak. Jon Revilla batzordeko kideak, egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu.
Behin batian Loiolan festak izan ziran, eta aurten ere, bueltan dira, inoiz baino indartsuago. Sei eguneko egitarau zabala antolatu du Loiolako Jai Batzordeak, eta gaur hasiko dira, 18:30ean, txupinazoarekin eta holi festarekin.
Ohiko jarduerak eta berriak diren beste batzuk egingo dituzte aurten, eta Jon Revilla jai batzordeko kideak adierazi duenez, «uste baino handiagoa» izan da auzoak jarduerekiko izan duen prestutasuna. «Kuadrillolinpiadak» egingo dituzte aurten, lehen aldiz, eta sorpresa handia hartu du jai batzordeak, 70 pertsona inguruk izena eman dutela ikustean: «Jarduera berriak direnean, jendeari kostatu egiten zaio izena ematea, eta sorpresa handia hartu dugu. Arrakasta itzela izan da, eta ederki joango da, ziur».
Herri bazkaria, iltzearen ehorzketa, txokolate jana, buruhandi eta erraldoien konpartsaren joan-etorriak eta haur jolasak egingo dituzte, betiko legez eta beste batzuen artean, azken hauek auzoko Sustrai aisialdi taldeak antolatuta; San Fermini kantatu eta entzierroa egin ostean, moto eta triziklo lehiaketa egingo dute etxeko txikiek. Puzgarriak, pailazoak, futbolin txapelketa eta bingo musikatua egingo dituzte, baita ere, jarduera berri gisa.
Goitiberak, bueltan
Bigarren urtez jarraian egingo dituzte goitiberak; izan ere, arrakastatsuak izan ziren iaz, eta aurten partaidetza ere handitu egin da. Hortaz, ibilbidea zaildu nahi izan du batzordeak: «Aurten, emozio pixka bat gehiago eman nahi izan diogu!». Hala, Ariztigainatik Loiolako zeharbidera jaisten den aldapatik botako dira parte hartzaileak, beraiek eraikitako ibilgailuekin.
Kukaña, faltan
Tradizioa da Loiolan, urtero, kukaña egitea. Aurten, ordea, auzoak ezin izan du programan ikusi. «Haize bolada indartsuak egon ziren martxoan, eta haizeak ontziralekua eraman zuen. Hortaz, ez daukagu aukerarik, oraingoz, behintzat, kukaña egiteko». Beste aukera batzuk aztertu zituzten, besteak beste, militarren zubitik egitea (aspaldi hor egiten zen), baina asko pentsatu ostean, baldintzak ez ziren eraginkorrak, taldearen ustez. «Nahiago dugu itxaron, eta ahal dugunean errekuperatuko dugu, zalantzarik gabe», esan du Revillak. «Ea datorren urtean egitea posible den!»
Ohi baino luzeagoak
Jaiak antolatzea ez da lan erraza, Revillak azaldu duenez: «Bilera asko daude atzetik». Hala ere, apur bat zailagoa izan du aurten batzordeak; lauzpabost egun inguru iraun ohi dute Loiolako jaiek, baina aurten, San Ignazio eguna asteazkena denez, pixka bat luzatu behar izan dituzte. Gaur igoko dute iltzea plazan eta asteazkenean jaitsi, iltzearen ehorzketan «negar egin» eta gero.
Astelehena (hilak 29), baina, atseden hartzeko baliatuko dute. «Astelehena pilak kargatzeko erabiliko dugu, asteartean eta asteazkenean indartsuago itzultzeko», esan du Revillak. Asteartea izan ohi da, San Ignazio bezpera, jaietako egunik indartsuena. Mikeltxi DJ-ak hartzen du plazako aginte makila, eta jendez betetzen du, urtero, bere erritmora dantzan. Gogoz agertu da, hortaz, batzordea: «Jendeak ondo pasatzea eta dena antolatu dugun moduan ateratzea nahiko genuke».