Takoidun oinkadekin ospatuko dituzte Amarako jaiak
Uztailaren 26tik 31ra bitarte festa giroa nagusituko da Amaran. Aldarrikapen feministak eta «etxeko giroa» erdigunean, adin tarte guztientzako jarduera andana antolatu dute. Umorea lagun izango dute gau partean, eta egunez, jana eta edana ez dira faltatuko.
Hilabeteak eman dituzte lanean Amarako Jai Batzordean, jai «seguruak eta gozagarriak» izateko helburuarekin. Dozena erdi lagun inguruk osatzen du taldea, eta auzoko komertzioen eta tabernen laguntzarekin, gustu eta adin guztietarako egitarau zabala ondu dute, auzokide guztiek Easo plazako festa giroaz gozatzeko aukera izan dezaten. Gaur eguerdian egingo dituzte lehen jarduerak, baina arratsean lehertuko da festa, pregoiarekin: «Bost urte dira auzoko talde feminista sortu zutela eta berezia izango da Zapi Moreak taldeak pregoia egitea», azaldu du Gorka Valcarlos jai batzordeko kideak (Amara, 1992).
Aurten, sei egun izango dituzte amaratarrek auzoko festa giroaz gozatzeko: «Hori bai, uztailaren 29an atseden eguna izango dugu», zehaztu du Valcarlosek. Etenaldi bat egingo dute jaien ekuatorea pasatu bezain laster, indarrak hartu eta bigarren zatiari gogotsu ekiteko. Horren ondotik, izango dute, hain zuzen, indartu berri duten Haurren Eguna: «Haurrentzako jarduera kopurua handitu dugu eta kirol egokituko jardueretan ere parte hartzeko aukera izango dute», azaldu du kideak.
Takoiak zein kroketak, gau giroan
Ohi moduan, auzokide andana elkartzen dituen danborrada, bazkariak, karaokea, sardina jana eta txarangak ez dira faltatuko. «Oso etxekoak» dira jaiak, kideen arabera, eta etxekoen partaidetza bermatzea dute xede, jai batzordean: «Ia jubilatuz osaturiko txaranga bat dugu eta polita da, ia denak auzokideak edo auzoan ibilitakoak direlako. Jende ez hain gaztea giro horretan ikusteak ere ilusioa eragiten digu, auzoa guztiok gara eta». Gertuko giro hori gaueko emanaldietan ere islatzen saiatzen dira, baina kontzertuak lotzeko ataza horretan zailtasun handiagoak izan ohi dituzte; besteak beste, eskakizunak ere gehiago izaten baitira: «Talde hasiberriak hartzen ditugu, beren baitan emakumezko zein gizonezkoak dituztenak eta auzokoak edo Donostiakoak direnak».
Gauetan, kontzertuak ez ezik, jarduerak ere izango dituzte, urteroko legez. Aurten, gainera, hainbat berritasun gehitu dituzte Gazte Egunari begira: «Drag ikuskizuna aurrenekoz izango genuela jakinda, pare bat kidek takoi lasterketa egitea proposatu zuten», adierazi du jai batzordeko Aitzol Ortiz kideak (Amara, 2004). Gainerako kideek adierazi dutenez, txantxa gisa botatako ideia asko «tradizio» bilakatzen dira eta, aurretik sokasaltoarekin eta giza kroketa txapelketarekin egin duten moduan, kirol jarduera berriari ere urte luzeko ibilbidea opa diote.
Festak gau eta egun ospatzen diren arren, askotan, giroari kolore puntu bat falta zaiola iritzi dute jai batzordeko kideek. Hala, auzokideak blusak egitera animatu dituzte: «Belaunaldika ditugu blusak eta zerbait itxia dirudi. Horregatik, jendea animatu nahi dugu blusa egitera eta janztera; edo blusarik ezean, lagun taldeko kideen artean kamiseta berdina eramatera».
Protokoloak prest
Aurten, iaz egin zuten moduan, eraso sexisten aurkako protokoloa prestatu du Zapi Moreak taldeak. Erreferentziazko gunea izateaz gain, telefono zenbakia egongo da eskuragarri eta lantalde feministako kideak jai gunean ibiliko dira, besoetan zapi more bat jantzita. Berrikuntza gisa, baina, gatazka orokorretarako protokoloa izango dute aurrenekoz, jai eremuko gatazka orori irtenbidea emateko. «Beste jai batzuk izan ditugu erreferentzia gisa, eta, gehienbat prebentzio moduan jarri dugu, arazo baten aurrean nora joan jakin dezaten», azaldu du Ortizek. Amaran, beraz, gozagarria bezain segurua den «etxeko giroa» izango da nagusi.