Gregory Porter: une bikain asko eta baleko batzuk
The Fake Cousins donostiarren blues biziarekin Nautikoan berotu ostean, Marco Mezquidaren jazz finak ireki zuen ostiraleko gaua Trinitate plazan eta Gregory Porterren ahots paregabeak itxi zuen.
Gregory Porter zen eguneko plater indartsuena atzo, baina Trinitate plazara joan aurretik, blues zale gisa, Nautikoan motorrak eta belarriak berotzea erabaki zuen kazetari honek, The Fake Cousins hirukote donostiarra entzutera. Ostegunean Elkano Browning Cream ikusi ostean talde horri buruz aipatu moduan, apustu segurua da baita ere, Paul San Martin pianista donostiarra buru duen The Fake Cousins hirukotea ikustera joatea. Izan ere, askoren ustez, estatuko —gutxienez— blues pianista onena da San Martin, eta bikain ulertzen da Jon Aira gitarrista gitarristarekin eta Javier San Martin Shaf bateria eta lehengusu faltsuarekin.
Horrela, bluesaren arlo ia guztiak ukitu zituen hirukoteak, pianista donostiarrak maisuki menderatzen duen boogie-woogietik —Rockin’ Pneumonia eta Bumble Boogie abestiekin, besteak beste—, Airak protagonismoa hartzen duen blues elektrikoagoetara —Born Under a Bad Sign— edo pianistak zein gitarristak luzitzeko aukera duten Stormy Monday klasikora, besteak beste. Nabarmentzeko, berriki jotzen hasi diren Watermelon Patch abestiaren bertsioa, rock-and-roll kutsukoa, eta Noa Egiguren abeslari donostiar apartarekin egin zuten azken abestia: Roadhouse Blues.
Trinitate plazaren ordua
The Fake Cousinsekin berotu ostean, Trinitate plazako gaua hastear zen; momentuz, plaza horretako emanaldietatik, sarrera guztiak saldu diren egun bakarra zen atzokoa, eta, beraz, nabari zen jendea gogoz zegoela.
Marco Mezquidaren hirukoteak ireki zuen gaua, Tornado proposamen garaikidearekin. Ulertzeko apur bat zaila, eta hasteko apur bat gogorra, baina hirukotearen maila altua agerian utzi zuena. Kontzertuan sartzea zaila izan zitekeela zirudien, baina ez zen hala izan, lehenengo pieza berezi horren ostean, doinu melodikoagoetan eta erritmo biziagoetan murgildu baitzen Mezquida, klase handiko jazza eskainiz.
Kontzertuko une ederrenak Self Portrait-ekin iritsi zen, blues kutsuko abestia, baina jazz klasikotik aldentzen ez dena, eta menorcarrak berak azaldu zuenez, bere “autorretratu musikala” dena. Mikrofonoa hartu zuenean, gertutasuna agertu zuen ikusleekin, baten bat oraindik kontzertuan guztiz sartuta ez bazegoen, guztiz sartu zedin.
Mezquidaren lanaz gain, Ramon Prats bateriaren eta Masa Kamaguchi kontrabaxu jotzailearen lana goraipatzekoa da, ordubete eskasean, maila handiko kontzertua eman baitzuten. Mezquidak koronabirusaren ondorioz zendutako bere amonari eskainitako Adiós Abuela ederrarekin itxi zuten kontzertu gozagarria.
Plaza bete zuen ahotsa
Askok gehien espero zuten Jazzaldiko unea iritsi zen ogitartekoa jateko tartearen ostean: Gregory Porter abeslariarena. Azken urteotan, askotan —gehiegitan, akaso— etorri da Jazzaldira, baina sarrerak saltzen jarraitzen du, baita agertokiak betetzen ere. Azken finean, XXI. mendeko jazzaren ahots onenetako bat da, ukaezina da hori.
Atzo, Trinitate plaza bete zuen bere ahots apartarekin, naturaltasunez eta gauza zailak erraz eginez. Musikari apartak zituen inguruan, eta denek eduki zuten luzitzeko parada, baina protagonismoa Porterrena izan zen une oro. Jazza ez ezik, soula, gospela eta bluesa ere ukitzen ditu Porterrek, musika beltzaren estilo gehienak maisuki ukituz.
Erritmo biziarekin abiatu zuen kontzertua, ikus-entzuleen arreta hasiera-hasieratik bereganatuz, baina laster murgildu zen baladetan. Balada eder askoak denak, batzuk benetan bikainak, baina, akaso, tarte handiegia hartu zuten emanaldiaren lehenengo bloke horretan, eta, une batzuetan, gehiegi transmititu ez zuten piezak izan ziren. Balekoak, baina Porterri, inguruan duen aura horrekin guztiarekin, bikaintasuna exijitzen zaio une oro; izar bat izatearen ajeak.
Baladen tarte luze horren ostean, baina, Liquid Spirit abesti arrakastatsu eta bizia jo zuen, emanaldia biziberrituz eta publikoaren parte hartzearekin. Hortik aurrera, abesti mantsoak biziekin tartekatu zituen, eta, orduan bai, bigarren blokea bikaina izan zen, Porterri exijitzen zaion bikaintasun horrekin bat eginez.
Halako batean, Jahmal Nichols kontrabaxu jotzailea eta Poter bakarrik gelditu ziren eszenatokian, eta gaueko pieza onena jo zuten, Nicholsek solo luze eta aparta egin baitzuen, kontrabaxua tarteka gitarra ere bihurtuz, musika beltzaren historiako abesti ezagun ugariri keinuak eginez. Aipamen berezia merezi dute, halaber, Ondrej Pivec Hammond organo jotzaileak eta Tivon Pennicott saxofonistak, protagonista Porter zela ulertuta ere, ikuskizuna beste maila batera eraman baitzuten, aukera izan zutenean.
Baleko momentu horiek kenduta, errealitatea da emanaldi bikaina eskaini zuela beste behin ere Porterrek, akaso ez erabat borobila, baina ia borobila. Eta, beste behin ere, Trinitate plaza zutik jarri zen taldea agurtzeko; ziur ez dutela asko itxaron beharko Porter berriz ere hemendik ikusteko.