Marmitako goxoa, Amarako herri bazkarian
Donostiako beste auzo batzuetan bezala, Amaran ere jaiak ari dira ospatzen asteburuan. Gaurkoan, marmitako txapelketarekin hasi dute eguna, eta txapelketako sari banaketa egin ostean, herri bazkarian probatu ahal izan dituzte auzotarrek prestaturiko marmitakoak. Hamarnaka lagunek hartu dute parte, eta giro ederrean egin dute bazkaria.
Arratsaldean, mus txapelketa, pala finala, ardo dastaketa eta buruhandiak izango dira auzoan, besteak beste. 20:00etan, danborradak girotuko ditu Amarako kaleak Pasai txarangaren musikaz lagunduta, eta 22:00etatik aurrera, zezensuzkoa eta honako kontzertuak izango dira: Mexikortxos, Neskatasuna, eta Oliba eta Antxoa DJ-ak. Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.