300 korrikalarik hartuko dute parte II. Txirrita mendi lasterketan
Igande honetan egingo dute II. Txirrita mendi lasterketa, eta dortsal guztiak agortuta, 300 korrikalarik hartuko dute parte. Korrikalariak 09:30ean irtengo dira Altzako San Martzial plazatik ibilbideak dituen hamazazpi kilometroak egitera, eta inguruko mendietatik igaro ondoren iritsiko dira berriro ere plazara. Bikotekako lasterketako lehen erreleboan parte hartuko duten hemezortzi korrikalariek, berriz, Txoritokietako gainean izango dute zain euren bikotekidea.
Iaz, Ibai Makazaga Aristi (1:15:16) gizonezkoetan eta Erika Alvarez Aldunzin (1:32:19) emakumezkoetan izan ziren azkarrenak, eta aurten ere Altzako irteeran izango dira biak.
Hainbat berritasun
Iaz hasitako bideari jarraituz, lasterketa streaming bidez ikusi ahal izango da. Aurtengoan, gainera, Primeran plataformatik ikusteko aukera egongo da. Youtuben ere ikusi ahal izango da, lehengo urtean bezala, eta emisioa 09:00etan hasiko da.
Horrez gain, lasterketaren izaera kulturalari erreferentzia eginez, aurtengoen bertsoek presentzia nabarmena izango dute lasterketa egunean zehar. Horretarako, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira bertsotan lasterketak iraun bitartean: lehenengo agurrak egingo dituzte, lasterketak iraun bitartean unerik aipagarrienak nabarmenduko dituzte, eta sari banaketa ere eurek gidatuko dute.
Amaitzeko, aurten lasterketak zati kronometratu bat izango du, Gazteluene baserritik pasatzerakoan, alegia. “Ez dugu ahaztu behar Txirritak baserri horretan igaro zituela bere azken urteak. Hortaz, antolatzaileok lasterketan baserriari presentzia emateko asmoz sortu dugu Gaztelueenko estrata zati kronometratua. 750 metrotako zatia da, 70 metrotako desnibel positiboarekin”, jakinarazi dute antolatzaileek. Zati hori azkarren egiten duenak zein emakumezkorik azkarrenak ehun euroko saria izango du.