376 jarduera, Urumeak protagonismoa izango duen Aste Nagusian
Abuztuaren 10etik 17ra ospatuko da Donostiako Aste Nagusia, eta gaur aurkeztu dute udaleko egitaraua, Txomiñenen. Bertan izan dira Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti Kultura zinegotzia, aurtengo kanoikadako protagonista izango diren Bera Bera eskubaloi klubeko hainbat kiderekin: Esther Arrojeria eta Melinda Marie Louis jokalariak eta Fernando Diez Mintegi Bera Berako presidentea. Txomiñenen aurkeztu dute, hain zuzen ere, egitarauak Urumeari protagonismo handiagoa eman diolako aurten.
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Kultura zinegotzi Jon Insaustik aurkeztu dute egitaraua Txomineneako Urumea ibaian dagoen pantalanean, hain zuzen ere, kaleak adin eta gustu guztietarako kultura, kirol eta aisialdi-jardueraz beteko dituen egitaraua.
Guztira, 376 jarduera egingo dira hiriko 29 leku ezberdinetan, eta bertan, boluntarioez gain, 2.138 kultura eta kirol arlotako profesionalek parte hartuko dute.
Kanoikada
Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak izango dira Donostiako Aste Nagusiko kanoikadako protagonistak. Artillero abesteko ohorea izango dute udaletxeko Alderdi Ederreko terrazan, jaiei hasiera emateko.
Kanoikada abuztuaren 10ean izango da, 19:00etan. Artillari nagusiak kanoiaren metxa piztuko du jaiei hasiera emateko, eta aurten, Bera Berako jokalariak izango ditu alboan. Izan ere, urtero kolektibo edo erakunde bat aukeratzen dute omenaldia egiteko, eta aurten, Ligako, Kopako eta Eskubaloiko Superkopako irabazleek emango diote hasiera Aste Nagusiari. Horrela, Bera Berari, emakumezkoen eskubaloiko maila goreneko talderik sarituenari, aitortza egin nahi dio udalak.
Urumea eta ura protagonistak
Azken urteetan Urumea protagonismoa irabazten joan da, eta aurten lau egunetan kanoan bisita gidatuak egingo dituzte Urumea ibaia hobeto ezagutzeko helburuarekin. Hortaz, Arrauning-en eskutik abuztuaren 11n, 12an, 14an eta 15ean 30 pertsonez osatutako hainbat taldek ibaia zeharkatuko dute Txomiñeneako pantalanetik abiatuta, bere historia ezagutzeko.
Gainera, Aste Nagusiak Urumean duela 40 urte egiteari utzi zitzaion bela estropada berreskuratuko du. Optimist klaseko estropada izango da, Donostiako Klub Nautikoak antolatuta, eta hogei parte hartzaile izango ditu.
Bestalde, ur jarduerak protagonista izango dira Kursaaleko goiko terrazan, abuztuaren 14an, 15ean eta 16an. Bertan, azken urteetan oso jarduera erakargarria izan den ur txirristaz gain, 3 eta 14 urte bitarteko haurrentzako ur puzgarriak egongo dira.
Berritasunak eta klasikoak
Kursaal eremuak, eta zehatzago beheko terrazak, hartuko du Aste Nagusi honetako berritasun garrantzitsuenetako bat. Egunean zehar, eskaintza gastronomikoa egoten jarraituko du, baina gauean musika egitaraua ez da DJ bakarraz osatuta egongo, baizik eta bi DJ gau izango dira, bat hiri musikakoa, beste bat reggaeari eskainia, beste bat pop-rockari, beste bat rap-reggaeari eta bi berbenari. “Eta gau guzti horietako protagonistak bertako artistak izango dira”, nabarmendu du Insaustik aurkezpenean.
Gainera, Dantz pointa lekuz aldatuko da eta ordutegia zabalduko da. Iaz Urgullen egin ondoren, aurten Miramar Jauregiko lorategietan ospatuko da. Eta bertan, musika elektronikoaren eta abangoardiakoaren zaleek disfrutatzeko aukera izango dute. Jarduera hau abuztuaren 14an, eguerdiko 12:00etatik aurrera egingo da.
Lehiaketa gastronomikoei dagokienez, abuztuaren 13an hasiko dira lehiaketa hauek eta, aurten, berritasuna izango dute. Izan ere, paella, legatza saltsa berdean, marmitako eta Etxekoekin Sukaldean lehiaketei beste lehiaketa berri bat gehituko zaie: Begi Handia bere tintan. Lehiaketa berri hau, abuztuaren 16an, ostiralean, Amarako Aitzol Parkean egingo da. Jakinarazi dutenez, dagoeneko lehiaketa gastronomiko hauetan parte hartzeko zeuden plaza guztiak agortu dira, Etxekoekin Sukaldean lehiaketa izan ezik; bertan izena eman daiteke oraindik.
Bestalde, erraldoi eta buruhandiek arratsaldero etxeko txikienak dantzan jarriko dituzte; gauero su artifizialek hiria argituko dute 22:45etik aurrera; musika eskaintza zabalarekin gozatzeko aukera egongo da Saguesen, Easo plazan edo Bulebarreko kioskoan; Donostia eta Gipuzkoako hainbat dantza taldeek folklore ikuskizunak eskainiko dituzte arratsaldero Plaza Berrian; eta plazan bertan ere, txistularien ohiko alardea egingo da.
Trinitate plazan, berriz, herri kirolek izango dute protagonismoa Aizkolarien Urrezko Koparekin, Igeldoko Harriarekin, edota urtetik urtera parte hartzaileen kopurua gainditzen jarraitzen duen Uliako Harriarekin. Hipodromoan Urrezko Kopa jarriko da jokoan; eta abuztuaren 14ko gauean Festara abestuko dute hiru oholtza ezberdinetan (Parte Zaharra, Antigua eta Amara) donostiarrei festan parte hartzera deituz.
Barrakak
Barraken guneei dagokionez, Urdaneta kalean Koldo Mitxelena berritzeko egiten ari diren obrak direla-eta, haurrentzako barrakak Gipuzkoa plazan jarriko dira. Hauek, Pasealeku Berriko barraken gunea bezala, abuztuaren 9tik 19ra egongo dira irekita. Gainera, Pasealeku Berriko barraken guneak Emakunderen Beldur barik kanpainarekin bat egingo du, eta berdintasun eta errespetu helburuei erantzuten dieten musika abestiak entzungo dira.
Halaber, abuztuaren 9an, 14an, 16an eta 19an, Pasealeku Berriko barraken guneak musika kenduko du bi ordutan autismoa duten pertsonek barrakekin ere gozatzeko aukera izan dezaten.
Hemen ikus dezakezue Aste Nagusiko udalaren egitaraua osorik.