Mitoak hausteko gida
Jazzaren akorde berritzaileek Donostia uztearekin batera, prest da Easo Ederra musika klasiko edo kultu deituari ateak parez pare irekitzeko.
Askok pentsatuko dute musika molde aldaketak berarekin dakarrela publiko eta jarrera desberdintasun bat. Probestu nahi nuke, bada, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan idatziko dudan lehen artikulu hau zenbait mito hausten saiatzeko. Ez baita Charlie Parkerren garaiko kontua inprobisazioarena, Johann Sebastian Bachek berak momentuan sortzen zituen preludio ala fuga ugari. Fandom fenomenoaren lehen aztarnak ere ez ditugu Beatles talde britaniarrean aurkitzen, esaterako. Jada Franz Liszten piano kontzertuetan ohikoak ziren entzuleen txirioak eta eszenatokira pozez jaurtitako lore andanak. Musika klasikoak egun ere badu zer esana, izan azken mendeetan sortutako artelan itzelen bitartez ala egun lanean diharduten konposatzaile adoretsuen piezen galbahea erabiliz. Hona hemen, beraz, mitoak hausten hasteko ezinbesteko gida labur bat.
Bada non aukeratua Hamabostaldiak proposatutako egutegian. Nahiko nuke hasi ertzetatik, entzuleriaren babesa espresuki merezi duten zenbait kontzertutatik. Miramar jauregian ospatu ohi da, adibidez, interprete gazteen zikloa. Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian ikasten diharduten zenbait ikaslek emanaldi landu bezain aberatsak oparituko dizkigute hilaren 19tik 23ra. Alejandra Cortijo flautistak bere instrumentuaren aukerak eta birtuosismoa erakusteko baliatuko duen programak irekiko du saila eta hastean zehar piano emanaldi bat zein talde handixeagoen errezitalak tartekatuko dira. Gazteen talentua, musika klasikoaren arnas berri. Bestalde, musika garaikidearen zikloaren baitan, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan lau kontzertu eskainiko dira. Ia guztiek jasotzen dute beraien egitarauan egungo konposatzaileen –J.J. Peña Aguayo ala Fernando Buide– lanen estreinaldiren bat. Aipatzekoa iruditzen zait Hamabostaldiak ez dituela soilik iraganeko hautsak arrotzen, tokia eta bidea eskaini ohi dizkiela orri berrien idazle trebeei. Zenbait mito pikutara, beraz.
Bekatu txikiren bat ere badu barnean 85. edizioko afixak, ez baita soilik musikaz elikatzen musika jaialdi donostiarra. Kutixitzat joko nituzke Tabakaleran ospatuko diren dantza proposamenak. Dantzan dabilen jendartea da gurea eta Hamabostaldiak Myriam Perez Cazabon oiartzuarraren ala Javier Arozena kanariarraren proiektu berrienak hurbilduko dizkigu, gorputz mugimenduaren baitan purian diren berritasunen isla. Dantzaz gain, organoa da festibalean aldare berezi baten jabe den instrumentua. Gipuzkoako organoen ondare itzelaz gozatzeko parada eskainiko digute probintzian zehar hedatuko diren emanaldiek. Aipatzekoak, besteak beste, Thomas Ospital euskaldunak zein Karol Mossakowski poloniarrak Koruko Andre Mariaren organo eraberrituan emango dituzten errezitalak. Ez izutu, entzule, tenpluen handitasunarekin; instrumentuaren gozotasunak leun laztanduko zaitu.
Efemeride hainbat ere ari gara ospatzen 2024 honetan. Hamabostaldiak akorduan izango dituen Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxearen jaiotzen mendeurrenaz gain, Anton Bruckner konposatzaile austriarraren jaiotzaren 200. mendeurrena, hala nola Arnold Schönberg herrikidearen jaiotzaren 150. Mendeurrena ere oroitu beharrekoak dira. Ludwig Van Beethovenek idatzitako Missa Solemnis lanak ere berrehun urte betetzen ditu eta Bonngo maisuak jada entzumena ia galdurik zuela konposatutako maisulana abestuko du Donostiako Orfeoiak, Euskadiko Orkestraren laguntzaz, hilaren 23an Kursaal Auditorioan. 25 urte betetzear den eraikin paregabean biziko diren momentuetatik, bi aipatu nituzke arestikoaz gain. Bata, Patricia Kopatxinskaja biolin jotzailearen parte hartzea, eta bestea Dimitri Shostakovitxen Stepan Razinen exekuzioa Op. 119 lanaren interpretazioa. Musikaren historian izaniko mitoen pisuak hertsitzen gaituzten mundu honetan, biolinista moldaviarra beti iruditu izan zait txori aske bat. Errepertorio zabala bizkarrean, bere eszenaratzeko modua ere konprometitu bezain eskuzabala da. Oraingoan, Bartoken Biolinerako bigarren kontzertuarekin liluratuko gaitu. Shostakovitxen lanak, berriz, XVII. mendeko lider kosako baten erailketa dakar oholtzara. 1964an idatzia, musika programetan ohikoa ez den lana Easo Abesbatzak eta Luxemburgeko Orkestrak interpretatuko duten hilaren 2an.
Eta estereotipo hainbat apurtzen amaitzeko, hona hemen azken apunteak. Sortu berria den Easo Sinfoniettak, Egia ala geRuza haurrentzako opera eskainiko du Viktoria Eugenia antzokian. Errezeloa dut haurrez gain, gerturatzen garenok ere izango dugula zertaz gozatua lan talde bikain batek burutuko duen lanarekin. Antzinako Musika zikloan, bestalde, Pepe Viyuela aktore ezagunak bisitatuko gaitu, Sara Aguedarekin batera Gonzalo de Berceoren testuen gaineko emankizunarekin. Deigarri bezain erakargarria. Eta azkenik, artea eta espiritualtasuna maisuki batzen dituen mendi arteko leku miresgarrian –Arantzazun, noski– urteroko geldiunea egingo du Hamabostaldiak Ahantzitako soinuak emanaldiarekin, bertara urtero gerturatu ohi garenontzat gustagarri.
Probestu ditzagun abuztuko egun sargoriak mitoen aurkako antidoto freskoz blaitzeko. Hamabostaldi on guztioi!