«Betiko taberna da, auzokoa; jende askok hemen ezagutu du elkar»
Parte Zaharreko Ordizia tabernak Jakitea sariketako pintxo tradizional onenaren saria irabazi du.
Mikel eta Joseba Benito anaiak elkarrizketatu ditu Berria egunkariak. Uztailaren 22an, Jakitea sariketako pintxo tradizional onenaren saria jaso zuten, Adunako Zabala sagardotegian. Hemen dituzue pasarte batzuk:
Familiako ostatua da?
Mikel Benito (M.B.): Bai, aitak 1980an hartu zuen ostatua, eta gero, 1998an, alokairuan utzi, ze garai hartan gu biok gazteegiak ginen taberna hartzeko. 2008an, baina, dena berritu, eta guk hartu genuen.
Zer bezero mota etortzen da hona?
Joseba Benito (J.B.): Poteoan ibiltzen direnak, asko. Gero haien semeak, bilobak… Betiko jendea eta haien ondorengoak.
Nola sentiarazten zaituzte etxeko taberna izateak?
J.B.: Niri poz handia ematen dit. Batzuetan pentsatzen dut ez ote genukeen taberna alokairuan utzi behar, baina gero pena ematen dit… Betiko taberna da, auzokoa; jende askok hemen ezagutu du elkar. Harreman oso ona daukagu auzoan; guk, gainera, oso goiz irekitzen dugu, eta goizetan sekulako mugimendua izaten da. Ederra da hori.
Pintxoez gain, ogitartekoak ematen dituzue.
M.B.: Bai, ogitartekoekin lan handia egiten dugu; geroz eta gehiago, gainera. Karmenetan, Jazzaldian eta Aste Nagusian ogitarteko pila-pila bat ateratzen dugu.
Pintxo tradizional onenaren saria Txipiroiak plantxan pintxoarekin irabazi duzue. Nondik dator errezeta?
J.B.: Berez osabarena da errezeta. Ordizian bazeukan taberna bat, eta han saltzen zuen txipiroiaren pintxoa. Hemen, gurasoek, txanpiñoia egiten zuten: urdaiazpikoa, txanpiñoia, otarrainxka eta saltsa. Txanpiñoiaren ordez txipiroia jartzea da desberdintasuna. Pintxoa, beraz, osabaren ostatutik dator, eta handik jaso genuen guk. Aitaren familia osoa ostalaritzan aritzen da.
Elkarrizketa osorik irakurtzeko sartu Berria egunkariaren webgunean.