Jokoak kirol jaialdia sortu du Donostia Kirolak
Hain “masiboak” ez diren eta “oihartzun mediatiko” handirik ez duten kiroletan jarri nahi du arreta Donostia Kirolak aurkeztu berri duen Jokoak jaialdiak. Etzi, hilaren 3an, doako kirol jarduera irekiak eskainiko dituzte hiriko hainbat lekutan.
“Jaialdiaren izenak planteamendu ludikoa eta parte hartzailea ere aipatzen du, non jarduera guztiak doakoak eta irekiak diren; izan ere, helburua da kirol horiek publiko zabalago bati hurbiltzea, hobeto ezagutu eta goza ditzan”, adierazi du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak. Aire zabalean eta hiriko hainbat espaziotan egingo dituzte jarduerak, hiria “parte hartzailea” eta “kirol agertoki ireki bat” izan dadin, kirol horien guztien erakusleiho. Hala, udalak “funtsezkotzat” hartzen ditu programan landuko diren kirol guztiak.
Hiriko hamahiru kirol klubek hartu dute parte programaren garapenean, Donostia Kirolaz gain, eta Gabarainek esan duenez, “formula hori sustatzen jarraitu” nahi dute, “hirian kirola hobetuko duten proiektuak elkarrekin garatzeko”.
Zazpi gune, hemezortzi kirol mota
Jaialdia hiriko zazpi gunetan egingo dute: Grosen, Egian, Bulebarrean, Alderdi Ederren, Urumean, Zurriola hondartzan eta Kontxan. Hala, atletismoa, hiri kirolak, arte martzialak, ur kirolak eta esgrima landuko dituzte, besteak beste. Hemezortzi kirol modalitate izango dira guztira. Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.
Gainera, aurtengoa atzean uztean, aurrera egiteko intentzioarekin jarri dute abian Jokoak, eta urtero egiteko asmoa dutela adierazi du Donostia Kirolak. Hala, “hiriko kirolaren aniztasuna eta aberastasuna erakutsi” nahi dute, eta bertako kirol eragileei beren proiektuak erakusteko aukera eskaini.