'Los aitas' pelikularen filmaketa bukatu du Borja Cobeagak
1980ko hamarkadaren amaierako Bilbon girotutako 'road movie' itxura izango duen komedia bat da.
Borja Cobeaga zinemagile donostiarraren hurrengo filma Los aitas izango da. Ekaina erdialdean abiatu zuen filmaketa, Bilbon, eta hilabetez aritu da irudiak hartzen. Aktore protagonisten artean ageri dira Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Ramon Barea, Sofia Otero, Irati Goitia, Mara Garces Renedo, Vera Lopez, Irati Garcia, Aitor Sanz Alvarez, Iñaki Ardanaz, Mikel Losada eta Laura Weissmahr.
Bilboko langile auzo batean, 1980ko hamarkadan, gimnasia erritmikoko neskato talde bati Berlingo txapelketa batean parte hartzeko aukera sortuko zaio. Aita talde baten laguntzaz bidaiatuko dute bertara, baina, egiaz, ez dirudi oso interesatuak daudenik bidaian, ez eta kirolean edo alabengan.
Cobeagak azaldu duenez, “aitatasunari buruz” idatzi duen lehen gidoia da honakoa, eta haren idazketa prozesuan aurrera egin ahala jabetu da aitatasuna bera baino, seme edo alaba izateko moduak direla istorioaren funtsa. Hain zuzen, 1980ko hamarkadaren amaierako Bilbon girotutako road movie itxura izango duen komediazko lana da honakoa.
Cobeagak berak eta Valentina Visok idatzi dute gidoia, eta EITBren parte hartzea du filmak. Bteam Pictures banatzailearen eskuetatik helduko da zinema-aretoetara 2025ean.