Plazaz Plaza txapelketako finala Trinitate plazan jokatuko da
Emakume pilotari profesionalen elkartea da Ados Pilota, eta hainbat txapelketa antolatzen dituzte pilota munduan emakumezkoei ikusgarritasuna emateko. Horietako biren aurkezpena egin dute gaur Donostian: Plazaz Plaza eta Udara Caixabank. Biek lotura zuzena dute hiriarekin.
Laugarrenez egingo dute Plazaz Plaza lehiaketa, eta hilaren 10ean hasiko da Azkoitian (Gipuzkoa). Finala, berriz, Donostian jokatuko da, irailaren 15ean, Trinitate plazan. Orotara, zortzi jardunaldi izango ditu: hiru Gipuzkoan, lau Nafarroan eta bat Araban.
Sei bikote arituko dira lehian, eta bikote bakoitzak bina partida jokatuko ditu fase horretan. Ligaxkako lehena zuzenean sailkatuko da Donostiako finalera. Finalean arituko den beste bikotea erabakitzeko, finalerdietako partida bat jokatu beharko dute ligaxkako bigarrenak eta hirugarrenak. Etxaurin jokatuko da partida hori, irailaren 8an.
Zozketa, udaletxean
Sei bikoteak erabakitzeko zozketa, Plazaz Plaza txapelketaren aurkezpenean egin dute, Donostiako Udaletxean bertan. Horrela, sei bikoteak hauek izango dira: Aranburu-Agirre, Barrokal-Oskoz, Ruiz de Infante-R.L. Mujika, Aldaregia-Galeano, Arrieta-Orbegozo eta Iturriaga-Zabala.
Ados Pilota elkarteko pilotariak Udara CaixaBank txapelketa ere jokatzen ari dira, eta, lehen aldiz, Plazaz Plaza lehiaketarekin uztartuko dute udan. Hain zuzen ere, Donostian jokatuko den jardunaldia aurkezteko aprobetxatu dute gaurko aurkezpena. Horrela, abuztuaren 24an bi partida jokatuko dituzte Atano III.a pilotalekuan, 18:00etan: Ruiz de Infante-Zabalak Arrieta-Mendibururen aurka jokatuko dute, eta Barrokal-Orbegozok Iturriaga-Agirreren aurka.
Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak aurkezpenean parte hartu du, eta bi txapelketen balioa nabarmendu du: “Donostia Pilota planaren barruan daude Ados Pilotaren txapelketak, eta proiektu berriekin pilotak Donostian duen tokia sendotu eta bultzatu nahi dugu. Kasu honetan, emakumezkoen pilota profesionala bultzatu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da Ados Pilotak Donostian lehiatzeko tokia izatea”.