«Badakigu gaua eta festa zer diren»
Joselontxos txarangako kideak urtez urte ibili dira Aste Nagusian Donostiako auzoak alaitzen, haien musikarekin. Taldeak hamasei urte beteko ditu aurten, eta aurreko urteen antzera, hamaika emanaldi eskainiko dituzte datorren Aste Nagusi honetan ere. Ander Berzosa (Aiete, 1992) txarangako kideak baieztatu digu jaietarako gogotsu daudela.
Nola bizi duzue Aste Nagusia taldekideok?
Txarangako kide bakoitzak bere erara bizi du Aste Nagusia. Izan ere, oso talde heterogeneoa gara, gazteenak 24 urte ditu eta zaharrenak 34. Baina, orokorrean, topera bizi dugu. Aste Nagusiko lehen eguneko kanoikadan jotzen hasi, eta bai udalak bai Piratek antolatutako ekitaldietan parte hartzen dugu. Aurten, adibidez, astelehena eta asteazkena geratu zaizkigu libre, baina beste urte batzuetan egunero jotzea tokatu izan zaigu, eta, hortaz, gelditu gabe ibili izan gara.
Etxean bertan jotzeak badu zirrara gehiago?
Noski. Txarangako kide gehienok donostiarrak gara, eta taldea Donostian sortu zen, nahiz eta baten bat tolosarra edo Errenteriakoa izan. Guretzat, urteko asterik garrantzitsuena da, festa bizitzeaz gain festaren parte izateko aukera eskaintzen baitigu. Oso berezia da, lagunen eta familiaren aurrean jotzen dugu, eta etxean jotze horrek konfiantza sortzen du: badakizu zein tabernatan gelditu, zein abesti jo… Egia esan, oso-oso berezia da eta topera bizi dugu.
Aurten zenbat emanaldi eskainiko dituzue Aste Nagusian? Zein zonatan?
Aurten, larunbatean, kanoikadan joko dugu; asteartean, Grosen; ostegunean, Piraten bazkariaren ostean; ostiralean, Piraten danborradan eta larunbat gauean, zezensuzkoaren ondoren, Parte Zaharrean. Horrez gain, igandean Hendaian joko dugu eta larunbat arratsaldean Aresoko jaietan.
Guk izugarri maite dugu txaranga, eta gustatuko litzaidake jendeak guk bezain ondo pasatzea gure abestiekin, errespetuz, besterik gabe. Guk ez dugu gehiago behar.
Nolako garrantzia dute txarangek Aste Nagusiaren moduko festetan?
Edozein herritako festak, sarri, txarangarekin hasten dira. Suziria bota eta txaranga jotzen hasiko da. Festen amaiera ere, sanferminetan Gaixoa ni jotzen denean gertatzen den moduan, txarangarekin izaten da. Nire ustez, ez gara konturatzen musikak duen garrantziaz, bai festan, bai eta bizitzan ere, beti baitago musika toki guztietan.
Txarangan, kalea maite dugu, jendearekin sortzen den kontaktu hori maite dugu, gertutasun hori. Eszenatoki batek ez dizu aukera hori ematen, ez eta berotasun hori ere. Beraz, esango nuke txarangek giro berezi hori sortzeko aukera ematen dutela, bai eta giro ezberdinak sortzeko aukera ere: goizaldean eta bazkalostean lasaiago, eta gauean, aldiz, biziago.
Nola aukeratzen duzue zein abesti jo?
Kontuan hartzen dugu txaranga goizean, bazkalostean ala arratsalde edo gauean den. Guk txaranga kanpotik zer bizi nahi genukeen pentsatzen dugu, eta txaranga barrutik hori ematen saiatzen gara. Goizean jotzen badugu, lasaiago joko dugu, jendea trankil egongo da, ez dira saltoka hasiko. Bazkalostean, abesteko kantak joko ditugu, euskal kulturako abesti ospetsuenak, esaterako. Arratsalde edo gau aldean, ordea, tabernatik tabernara beste abesti animatuago batzuk joko ditugu. Azken finean, kalean dagoen giroa interpretatu behar dugu, une oro. Suziria bota eta txaranga jotzen hasiko da.
“Txaranga kanpotik zer bizi nahi genukeen pentsatzen dugu, eta txaranga barrutik hori ematen saiatzen gara”
Abesti motei dagokienez, espektro osoa jotzen saiatzen gara: txarangek beti jotzen dituzten abestiak, musika dantzagarria, euskal kantak, abesti latindarrak, mexikarrak… Udako abestia deritzona ere jo izan dugu. Aurten, Isabel Aaiun abeslariaren Potra Salvaje abestia jotzea erabaki dugu, bai eta La Txamaren Musa 13, Olaia Inziarteren Behe klasekoa eta Skabidean taldearen remix bat ere. Aurreko urtean, aldiz, Quevedo abeslariaren Quédate abestia ez jotzea erabaki genuen, mundu guztiak jotzen zuelako. Taldean hartzen ditugu erabakiak, eta, egia esan, positiboa da taldea osatzen dugunon artean adin tarte zabala edukitzea, hutsune gehiago betetzeko eta abestien espektro zabalagoa eta aberatsagoa izateko aukera ematen baitigu.
Baduzue erronka nabarmenik Aste Nagusiari eta etorkizunari begira?
Nik bi erronka mota identifikatzen ditut: txaranga barrura begira bata, eta kanpora begira lortu nahi duguna, bestea. Barrura begira, orokorrean, taldearekin aurrera egitea litzateke erronka. Azkenean, hamabost urte daramatzagu txarangan, baina oso pixkanaka iritsi gara gaur egun gauden lekura. Ez da erraza hainbeste jendek parte hartzen duen horrelako proiektu bat aurrera eramatea, zaila da beti kide berberak egotea, eta sakrifizioak egin behar izaten ditugu udan hemen jotzeko. Gustatuko litzaidake orain gauden moduan jarraitzea eta guretzat garrantzitsuak diren emanaldietan jotzea. Zenbat eta leku gehiagotan jo, orduan eta hobeto.
Kanpora begira, hemen dagoen kultura faltan ikusten dut erronka nagusia. Normalean, ez da arazo handirik egoten, baina, batik bat gauean, jendea txarangaren korro barruan sartzen da, gauzak airera botatzen dira… Korroan norbait sartu eta mugimendu bortitz bat eginez gero, musikariari ezpaina, hortzak, edo instrumentua bera apur diezaioke. Eta hori, sanferminetan edo Tolosako inauterietan, oso zaindua dago: hemen ez bezala, txarangen inguruan kordoi moduko bat egiten dute, musikariak babesteko. Ohikoa da urarekin gora eta behera ibiltzea, normala da, baina instrumentu gainean erortzen bada agian herdoila aterako zaio, edo izorratu egingo da. Muga horiek zaindu egin behar dira. Guk badakigu festa eta gaua zer diren, baina kultura eta errespetu hori areagotu beharko litzateke.
Urtean zehar ere beste hainbat emanaldi egingo dituzue.
Guk, normalean, urtea bi multzotan banatzen dugu. Lehenengo multzoa Gabonak aldera hasiko litzateke, entseatzen hasten gara, eta hainbat aktuazio egiten ditugu: erregeak, kaldereroak, inude eta artzainak, danborrada, inauteriak… eta udara begira ere entseatzen hasten gara: abesti berriak, moldaketak… Bigarren multzoan, uda inguruan, emanaldi kopurua handitu egiten da eta ez dugu horrenbeste entsegu egiten. Urrian edo azaroan oporrak hartzen ditugu, entsegu eta emanaldirik gabe.