«Horrelako balioak dituzten jai batzuk sortzeak ilusioa egiten digu»
Donostiako Piratak hilabete luzez aritu dira lanean Aste Nagusi euskaldun, feminista eta herritar bat eskaini ahal izateko. Bittor Hernandok (Parte Zaharra, 1997) eta Kattalin Mutuberriak (Egia, 1999) Aste Nagusi Pirataren nondik norakoak azaldu dizkigute.
Gutxi falta da Aste Nagusirako. Zer moduzkoa izan da antolaketa?
Kattalin Mutuberria (K.M.): Aurten, azken urteotako joera bera jarraitu du antolaketak. Orokorrean, kostatu egiten zaigu ikasturtean zehar martxa hartzea, baina Aste Nagusia gerturatzen doan heinean, jendea aktibatu egiten da. Azken hilabeteotan, gelditu gabe ibili gara. Normalean, iraila edukitzen dugu deskantsatzeko, eta urrian jada urteko erronkei eta hurrengo Aste Nagusiari begira martxan jartzen gara.
Bittor Hernando (B.H.): Jendeak, Piratak soilik Aste Nagusiarekin irudikatzen ditu, baina urtean zehar ere buru-belarri ibiltzen gara gauzak antolatzen eta bilerak egiten. Atzetik lan handia dago. Ematen du Aste Nagusi bat antolatzeko egitarau bat atera besterik ez dela egin behar, baina horretarako, kofradiak nola dauden jakin behar da, aurreko urteko akatsak eta gauza onak zeintzuk izan diren, nork jarraituko duen lanean eta nork ez… Hala ere, gustura ibiltzen gara antolaketan. Horrelako balioak dituzten jai batzuk sortzeak ilusioa egiten digu.
Aurten ere egitarau oparoa prestatu duzue. Ba al dago berritasunik?
K.M.: Egitarauaren eskema nagusia denon artean antolatzen dugu. Kofradiek, normalean, urteroko antzerako egitaraua egiten dute. Nire ustez, errepikatze hori ondo funtzionatzen duen zerbait dagoenaren seinale da. Horregatik, kostatu egiten zaigu gauza berrietara salto egitea, eta, orokorrean, egitarau antzekoa da aurtengoa. Duela bi urte sortu genuen Piraten Eguna nabarmenduko nuke, gure egitarauan gutxika erreferentzialtasuna hartzen ari delako.
B.H.: Nire ustez, aurten egin dugun apustua Lasta guneari bizitasuna ematea izan da. Bi espazio eskaintzea, alde batetik kontzertuen espazioa (Flamenka), eta bestetik, jendea goxo eta lasaiago sentitzeko espazioa (Lasta).
Hainbeste kofradia eta pirata izanda, erraza al da antolakuntza prozesua?
K.M.: Ez da batere erraza. Nik, beste bi koordinatzailerekin batera, kofradien arteko harremana koordinatzen dut. Oso anitzak gara, bai pentsamendu aldetik, bai izaera aldetik. Kosta egiten da, baina aldi berean oso aberasgarria den zerbait da. Donostia eta Donostiako jaiak ulertzeko modu ezberdinak dauzkagu, baina helburu komunera begiratzen saiatzen gara. Prozesu aberasgarria da.
B.H.: Beti esaten da Piratek dituzten balioak euskalduntasuna, feminismoa, parte hartzea eta auzolana direla, baina lau hitz horiek ulertzeko modu asko daude. Jaiak sortzean, kontuan eduki behar dugu musika eskaintza oparoa izatea eta egitarauak denontzako jarduerak edukitzea.
“Donostiako Piraten mugimenduak ezinbestekoa du lantalde feminista”
Kattalin Mutuberria
Zergatik dira garrantzitsuak Donostiako Piratak?
K.M.: Auzolana ia auzo guztietan izaten da, eta Piraten mugimenduak hori biltzen du, Donostiako mugimendu herritarra. Donostiar gisa, bere hirian parte hartzeko eta «etxeko» espazio bat izateko aukera eskaintzen du.
B.H.: Donostian, Aste Nagusia ezin da Donostiako Piratak gabe ulertu. Egunen batean, agian, iritsiko da piratarik gabeko jaia, baina beste norbait egongo da ordezkari gisa, jai alternatibo batzuk antolatzen. Izan ere, Donostiak beharrezkoa du beste proposamen bat, udalaren eskaintzaz gain. Guk sortu behar ditugun jaiak herritik eta herriarentzat izan behar dira.
Aurten, Matti Kaleko Afari Solidarioak izango da. Nola hartzen da erabaki hori?
K.M.: Matti aukeratzeko prozesu bat jartzen dugu urtero martxan. Azken urteotan, prozesu horretan, sarritan agertu da Kaleko Afari Solidarioak proposamen gisa, eta aurten, nahiko aho batez aukeratu dugu. Pertsonalki, Kaleko Afari Solidarioen bi alderdi nabarmenduko nituzke: alde batetik, Donostian kalean bizi diren pertsonekin zein migranteekiko dagoen jarrera arrazistaren problematikarekin lan egiten dutela. Bestetik, egunero afari solidarioak kozinatzen, egiten eta banatzen dituzten boluntarioei Donostiak aitortza bat zor diela uste dut.
B.H.: Kaleko Afari Solidarioak boluntario gisa ari dira, egunero-egunero, Donostiako hainbat auzotan afariak ematen kaleko jendeari. Hori guztia herria da, horrelako proiektuak zaindu behar dira, eta txalotzekoa da egiten duten lana. Piratok horrelako mugimenduekin bat egiten dugu.
“Donostiak beharrezkoa du beste proposamen bat, udalaren eskaintzaz gain”
Bittor Hernando
Iaz ez zen eraso matxistarik salatu. Lantalde feministak lanketa berbera egingo du aurten ere?
K.M.: Lantalde feminista ez da soilik mugatzen Aste Nagusian Puntu Morea kudeatzera, baizik eta gure mugimenduan bertan feministagoak izatera bultzatzen gaitu, eta horretarako, hainbat formakuntza eskaintzen dizkigu. Gaur egun, mugimenduak ezinbestekoa du lantalde feminista.
B.H.: 2019. urtean gau bakarrean eraso andana egon ziren, eta erabaki genuen horrelako egoera baten aurrean ez geundela prest jaiak antolatzen jarraitzeko, eta egitaraua bertan behera geratu zen. Guk jai erosoak sortu nahi ditugu, erasorik gabeko jaiak. Hausnarketa sakona egin zen, eta formakuntzak egiten hasi ginen.
Zein espektatiba dituzue Aste Nagusirako?
K.M.: Urte luzea izan da, baina gogotsu nago Aste Nagusirako. Pandemia ondoren izan zen beherakada horretatik ateratzeko gogotsu dago jendea. Jende gazte berria dago, espektatiba onak dauzkat, eta pozik nago egindako lanarekin.
B.H.: Nahiko ondo ikusten dut. Egitarau polita atera dugu, eta musikalki oso proposamen oparoa eskainiko dugula uste dut. Abordatzeak eta Pirata Egunak itxura ona daukate. Jendea animatzen dugu Aste Nagusian eta kofradietan parte hartzera; kofradia guztietan besoak zabalik hartuko dituzte parte hartzaile berriak.