Itsasoan seguru ibiltzeko aholkuak, hiriko zenbait eragileren eskutik
Donostiako Udalak eta Basque Water Safetyk eskuorri bat egin dute hiriko itsasertzean egiten diren ur jardueren segurtasuna bermatzeko.
Itsasoa da hiriak duen ezaugarririk garrantzitsuenetariko bat, eta bertan ur jarduera seguruak bermatzeko kanpaina bat jarri dute abian Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ), Babes Zibilak eta udaleko Ingurumen Sailak, Zmare ostalaritza establezimenduaren laguntzarekin. Eskuorri bat prestatu dute, segurtasun hori bermatu ahal izateko aholkuekin, eta Zmareko terrazan aurkeztu dute.
Next Generation Funtsen finantziazioa izan dute eskuorria egiteko, eta Donostiako itsasertzean ur kirolen praktikarako segurtasuna hobetzeko proiektuaren barruan dago. Proiektua martxan jartzearen arrazoia, Covid19aren ondoren uretan egiten diren jardueren handitzea izan da. Proiektuak egoera ikertu du, eta konfirmatu du, gero eta jende gehiagok praktikatzen dituela ur kirolak, eta, hortaz, esperientzia eza eta ezjakintasuna ere, handiagoa dela. Turismoaren igoerak ere izan du eraginik horretan.
Proiektuaren plana
Beraz, proiektuak hiru urterako ekintza plana garatu du, eta bost erreferentzia puntu ezarri ditu: prebentzioa, formazioa, teknologiaren erabilera, sorospena eta erreskatearen zerbitzua indartzea, eta agentzia ezberdinen arteko elkarlana. Hala, jarduera hauek egingo dituzte: eskuorri eta bideo bidezko prebentzio kanpaina abian jartzea, Zurriolan kamara termikoen sistemaren instalazioa eta indartzea, eguraldiaren informazioa emateko udalaren aplikazio bat martxan jartzea, 2023-2024ean Urumea ibaian eta itsasertzean hamabost salbamendu uztai jartzeko kanpaina martxan jartzea eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuaren erantzun denbora hobetzea, bertaratzea indartuz, eta Lehendakari Agirre zubian behin betiko baliabidea instalatuz.
Eskuorriaren edukia
Eskuorriak arrisku ohikoenak zehazten ditu, eta egingo diren uretako jardueretan segurtasuna hobetzeko aholkuak deskribatzen ditu. Hala, Kantauri itsasoak dituen ezaugarri zehatzei buruzko informazio orokorra eskaintzen du, baita bertan aurki daitekeen fauna eta arriskuei buruzkoa.
Ohiko jarduerei buruzko aholkuak ere ematen ditu, hala nola bainuan, itsasoko igeriketan eta hainbat uretako kiroletan ibiltzeko aholkuak (paddle surfean, piraguismoan, surfean, bodyboardingean eta bodysurfean, esaterako). Jarduera hasi aurretik eta jardueran zehar hartu beharreko neurriak, eta arazoren bat duen pertsona bat ikusiz gero kontuan izan behar diren jarraibideak. Era berean, korronte batek itsaso barrura arrastatzearen aurrean nola jokatu azaltzen du, eta horretarako eskemak eta beste hainbat informazio baliatzen ditu, baita Zurriolako hondartzako korronte nagusiak ere. Larrialdi kasuetarako telefonoa (112) eta SOS Deiak-en APPa deskargatu ahal izateko bi QR kode ere badakartza eskuorriak.