Ruper Ordorika, Iturritik jaialdia, 'Miñan' ikuskizuna eta beste, udazkeneko programazioan
Hiriko kultura eskaintzak ez du etenik. Atzo hasi zen Musika Hamabostaldia, eta Donostia Kulturak udazkeneko programazioa aurkeztu du gaur, Viktoria Eugenia antzokian. Prentsaurrekoan parte hartu dute Jon Insausti Kultura zinegotziak, Esther Fernandino musika ataleko programazio teknikariak, Norka Chiapusso antzerki eta dantza ataleko zuzendariak eta Jon Aizpurua Kultur Ekintza ataleko zuzendariak. Udazkenean egongo diren musika, dantza, zinema eta antzerki eskaintzen errepasoa egin dute. Haurrentzako eta helduentzako emanaldiak egongo dira, eta hilaren 5ean jarriko dituzte salgai emanaldi guztietarako sarrerak, Donostia Kulturaren webgunean.
Insaustik adierazi duenez, “ikasturte berriari begira” jarri dira, dagoeneko, eta arte eszeniko eskaintza zabala prestatu dute. Nabarmendu nahi izan du, halaber, tokiko artistei lekua egin nahi izan dietela; besteak beste, Ruper Ordorikak Viktoria Eugenia antzokiko oholtza zapalduko du, musikari dagokionez, eta Iturritik dantza jaialdia ere egingo dute. Esan duenez, Viktoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gasteszena eta hiriko kultur etxeen sarea izango dira programazioko emanaldietan anfitrioi.
Musikari dagokionez, kontzertuen errepaso txiki bat egin du Fernandinok. Coque Maya, Ismael Serrano, Xabi San Sebastian eta Mikel Azpiroz arituko dira, besteak beste, urriaren 6tik aurrera, hiriko hainbat oholtzatan. Donostiakluba, Kutixik, Zombie eta Metal Norte festibalak ere programazioaren parte izango dira, baita Donostiako Cante Flamenkoko lehiaketa ere. Gainera, Euskal Herriko talde esanguratsuek ere girotuko dituzte agertokiak; besteak beste, Belako eta Janus Lester taldeek. Jazzaldia bukatu berri den honetan, jazz kontzertu gehiago ere egongo dira.
Dantzan, Iturritik jaialdia egingo dute urriaren 15etik 20ra bitarte. Kukai, Gero Axular, Aukeran eta Eskola dantza taldeak izango dira bertan, beste batzuen artean, Euskal Herriko proposamenak izango baitira nagusi aurten. Chiapussok esan duenez, “tradiziotik edaten duten sorkuntzak” dira jaialdian parte hartuko dutenak, eta horregatik du izen hori jaialdiak. “Identitatearen inguruko lanketa bat” egingo dute dantzariek Viktoria Eugeniako oholtza gainean. Hortaz gain, Led Silhouette, Maria Pages edo Ertza konpainiek ere beteko dituzte oholtzak, besteak beste.
Antzerkiak eta bakarrizketek ere izango dute beren tokia egitarauan. Antton Telleriaren NiNiNi bakarrizketa eta Artedrama konpainiaren Miñan, Amets Arzallus bertsolariaren eleberrian oinarritutako antzezlana egongo dira ikusgai, beste batzuen artean. Gainera, Ion Martinez Esnaola Txiki bakarrizketatzaile donostiarrak bere agurra iragarri berri du, eta bere azken lana eskainiko du Viktoria Eugenian: Txikiren azken instantea, lagunekin bat. Jon Plazaola aktorea eta Mursego abeslaria izango ditu bidelagun emanaldian, esaterako.
Azkenik, zinemari dagokionez, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea egingo dute Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenia antzokian, urriaren 25etik azaroaren 1era. Pasa den astean egin zuten aurkezpena, eta zientzia fikzioa, animazioa eta terrorea izango dira bertako protagonistak.