Arkaitzerreka kutsatuta dago, berriz ere
Arkaitzerreka berriro kutsatuta dagoela salatu zuen atzo GuraSOSek. Sareetan adierazi dutenez, “Oria ibaia eta bere inguruak” kontaminatzen ditu Zubietako erraustegiak, ordea, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) “arrazoi naturalengatik” izan daitekeela esan du.
Ez da Arkaitzerreka kutsatzen den lehen aldia. 2022an, esaterako, fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen horren harira eta 2020an ere, amoniakoa aurkitu zuten errekan. Azken horrek errekako fauna kaltetu zuen, zuzenean, bertan bizi ziren bizidun askoren desagertzea eragin baitzuen.
GHKk bulotzat hartu du GuraSOSek zabaldutako informazioa: “Kolore gorrixkako burdin finen irteera fenomeno natural bat da, eta urtero gertatzen da, beroa eta ur eskasia dagoen hilabeteetan. URAkek egin beharreko egiaztapenak egin ditu, eta halaxe gertatu dela baieztatu du“, adierazi du GHKk, prentsa ohar batean. “Fenomeno hori ez da GHKren instalazioetan soilik gertatzen; Arkaitzerreka errekaren beste isurialdean ere ikusten da. Horrek indartu egiten du prozesu natural errepikakor bat izatea udan”.