«Pixka bat ‘frikiak’ izatea gustatzen zaigu, berritzea eta jolastea»
Urte eta erdi darama irekita Bidassoa Tap Roomek Grosen, Usandizaga kalean. Orain arte ez dute presentzia handirik eduki auzoan, baina Zipotz jaietako pintxo lehiaketa irabazi dute, eta Morris Ramirezek, tabernako jabeak, beren ibilbidea errepasatu du.
Zein da Bidassoa Tap Roomen historia?
Irundik gatoz, garagardo fabrika bat dugu han, Bidassoa. Duela gutxi, Nafarroako beste garagardotegi batekin elkartu gara, eta Irungo lokala itxi behar izan dugu. Urte eta erdi daramagu Donostian, baina duela hilabete aldatu diogu izena tabernari. Orain, Irunen zuen izen bera du. Garagardoaren esentzia hori du orain, eta janari eskaintza desberdinarena. Hori ekartzen saiatu gara.
Mala Gissona marka ere gurea da, eta, agian, ezagunagoa da auzoan; guri dagokigunez, auzoko jaietako pintxo lehiaketan parte hartzeak gertutasun horretan lagunduko zigula pentsatu genuen, eta ondo joan zaigu. Gustoko dugu lokalak izatea, bertakoak, auzokoak.
Zein motatako eskaintza da zuena?
Etorkizunean, Irunen geneukana berreskuratzea gustatuko litzaiguke. Zerbait klasikoagoa egitea, alegia. Balantza hori aurkitu nahi dugu, publiko zabal batentzat izan dadin. Zerbait desberdina bilatzen dugu beti.
Pintxo onenaren saria jaso duzue, auzoko jaietan. Harrotasuna da hitza?
Noski! Azkeneko egunean eman genuen izena. Hasieran ezetz esan genion jai batzordeari, ez genuela parte hartuko, lan kontuengatik zaila egingo zitzaigula uste genuen. Azkeneko momentuan erabaki genuen aurrera egitea, auzoan berriak garenez, gure lana pixka bat ezagutarazteko aitzakia ona iruditu zitzaigulako, eta jaietan parte hartzeko modu ona izan zela uste dugu. Gainera, tortilla lehiaketa ere irabazi dugu.
Zer eskaini duzue? Zein da pintxo irabazlea?
Focaccia ogiaren antzeko zerbait egin genuen, teriyaki saltsan marinatutako izokin tosta bat. Mahonesa, kurria eta mangoa ere bazeraman, baita ketutako gorringoa ere. Sukaldariaren ideia izan zen dena, berari eskatu genion, espresuki, hontaz arduratzeko. Hori bai, erabaki aurretik denok probatu genuen.
Sormen handia dauka sukaldariak! (barreak). Aurreko egunetan antzeko zerbait eskaini genuen tabernan, probatzeagatik. Ketutako gorringoa gehitu zion pintxoari lehiaketarako, besterik ez. Oso ondo joan zen tabernan ere, egia esan. Garagadoarekin, gainera, hobeto!
Zein izan da jendearen erantzuna?
Oso positiboa, egia esan. Lehenengo orduan etorri zen jendea pintxoa probatzera, eta ondo joan zen, baina ez genuen inolaz ere espero irabaztea. Bagenekien teriyaki saltsan marinatutako izokina pixka bat zaila dela gustu guztientzako, baina funtzionatu du, dena delakoarengatik.
Zerk eragin du garaipena, zure ustez?
Desberdinak izateak, nik uste. Pixka bat frikiak izaten saiatzen gara, gauza berriak probatzen, eta gustatzen zaigu hori egitea. Gure esentzia da, azken finean.
Donostiakoa ireki baino lehen, Irunen geneukan taberna eta handik ekarri dugu kontzeptua. Adibidez, txokolatezko brownie-a ematen genuen han, txuletaren koipearekin egindako helatuarekin… nahikoa berritzen genuen. Gustoko dugu jolastea.
Gustu guztientzako ez den arren, ikusi duzu jendea probatzera ausartu dela?
Bai, eta harritu egin nau, egia esan. Gogoan dut emakume bat etorri zela, bi haurrekin, eta haurrei ere gustatu zitzaiela. Ez nuen espero.
Jendea gehiago gerturatu da irabazi duzuenetik?
Tortilla lehiaketa irabazi izanagatik bai nabaritu dugula jende gehiago. Gehien bat, adineko jendea. Adinekoak ez daude sare sozialetan, eta, hortaz, haientzako ez gara hain ezagunak. Baina ahoz-ahokoa ematen da oraindik, eta uste dut horregatik izan dela.