Presoen aldeko mobilizazioa egin dute Ondarretan
Sare Herritarrak eta Etxeratek antolatuta, ehunka lagun bildu dira Euskal Herriko hainbat hondartzatan, euskal presoen alde. Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan egin dute mobilizazioa.
Adierazi dutenez, “euskal gizarteak aurrera egin behar duela eskatzeko” batu dira: “Gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea beharrezko dela eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea dela aldarrikatzeko”.
“Gatazkak utzitako hainbat ondoriok eragiten jarraitzen duen sufrimenduarekin eta injustiziarekin amaitu behar dugu”, adierazi dute. Presoen aldeko eragileen ustez, azken hamarkada honetan euskal gizarteak “argi utzi du” gatazkaren ondorioei “aterabide osoa emateko duen prestutasuna”. “Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, sufrimendu guztiekin amaitu behar da: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortu”. Zentzu horretan, egun indarrean dagoen eta “salbuespen legedia” indargabetu behar dela uste dute.