Azken egunak 72SSIFFeko Gazteriaren Epaimahaian izena emateko
Abuztuaren 9a baino lehen aurkeztu dezakete 18 eta 25 urte bitarteko interesatuek beren hautagaitza. Donostia Zinemaldiaren webgunean bete beharko dute izen emate fitxa, eta motibazio gutun bat bidali erantsita.
Irailaren 20tik 28ra bitartean ospatuko den 72. edizioan 150 gaztek osatuko dute Gazteriaren Epaimahaia. Zinemagile berriei eskainitako New Directors saileko film guztiak eta Horizontes Latinos atalean lehiatuko diren zuzendarien lehen edota bigarren lanak baloratzeaz arduratuko dira, hogei inguru; egunero hiru film inguru ikusi beharko dituzte. Kalifikazioak eta rankinga egunero eguneratuko dira, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan kontsultatu ahalko dira; nota altuena duenak jasoko du Gazteriaren DAMA Saria.
Epaimahaikide izateko aukera abuztuaren 9ra arte izango dute zabalik 18 eta 25 urte arteko herritarrek, eta Zinemaldiko webgunetik burutu beharko dute izen ematea. Bertan ahalbidetuko dieten fitxa bete, motibazio gutun bat erantsi eta partaidetza arauak onartu besterik ez dute egin beharko.
DAMAk babestutako saria
2019az geroztik babesle nagusi izandako TCM telebista katea ordezkatuz, DAMAk –jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko Espainiako entitateak– babestuko du aurrerantzean Donostia Zinemaldiaren baitako Gazteriaren Saria. Bada, berau ebazteko ardura izango duten herritarren bila hasi zen jaialdia, abuztuaren 1ean.
Informazio gehiago nahi izanez gero, juventud@sansebastianfestival.com helbidera idazteko edo 943 48 12 12 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.