Begirada berriak
Donostiako Musika Hamabostaldiak teloia igotzearekin batera, martxan jarri zen bere baitan antolatutako ziklorik arrakastatsuenetarikoa: organo zikloa, hain zuzen. Ehunka izaten dira kontzertuotara gerturatzen diren herritarrak eta azken urteotan mundu mailako interpreterik trebeenak ikusi ahal izan ditugu gure probintziako organo paregabeen kontsoletan eserita, berauek eskaintzen dituzten aukerak zukutuz entzuleen gozamenerako. Aipagarria da, ezbairik gabe, eliza gipuzkoarrek barnean duten ondare organistikoa.
Beti diot ikusi nahi ez den elefantearen adinako edertasuna eta balioa dutela instrumentuok. Hor daude, tenplu itzelen aterpean, sarritan isilik eta ezkutuan, norbaitek beraien soinu paletaz herritarren entzumenak marraztu eta blaitzeko zain. Abuztuan burutzen den jaialdia, beraz, mugarri eta ikur bihurtzen zaigu urtero, patrimonio itzel honen hauspotzea eta biziberritzea aldarrikatu, eta instituzioak erne egon daitezen eskatzeko. Guztionak dira iraganean eraikitako altxor hauek eta denoi dagokigu beraien osasuna zaindu eta artatzea.
Bart arratsean, aipatu dudan kolekzio bikain horren erakusle nagusienetarikoa den Koruko Andre Mariaren Basilikako A. Cavaillé-Coll organoaren (1863) teklatuak igurtzi zituen Thomas Ospital, Aiherran (Ipar Euskal Herria) jaiotako musikariak. Mundu mailako kontzertista apartak ezaguna du berriki eraberritua izan den organo paregabea. Lerrook idazten dituenak gogoan du, bai, bere organo ikasketa propioak hasterako, Ospitali toki berean entzundako kontzertu gogoangarri bat, Franz Liszten Ad nos, ad salutarem undam lan mardularekin. Bere formazioa amaitzear zen gazte hark oparitutako errezitala txundigarria izan zen eta ez da arinagoa izan jada maisututa agertu zaigun Ospital oraindik gazteak atzo erakutsitakoa.
Duela hamarkada bat jotako errezital hartan, jada interprete euskaldunak txertatu zuen piezen zerrendan Richard Wagnerren transkripzio bat. Transkripzio bat, izatez beste instrumentu edo formazio baterako pentsatuak izan diren piezak moldatu eta zeure instrumentuari egokitzea da. Begirada berritze bat, finean. Leit motiv horrekin hezur-mamitu zen atzokoan ere saioa. Mendeetan zehar biolinerako idatzi diren hainbat eta hainbat obren artean, erpin nabarmen gisa aipatu ohi da beti Johann Sebastian Bach maisuaren Re menorreko Txakona, BWV 1004 erreferentziazko lan birtuosoa. Ospitalek bikain garatu zituen txakona –pieza osoan zehar errepikatzen den formula– beraren geruza desberdinak, bakoitzari erregistrazioarekin nortasun bereizgarri bat eskainiz.
Biolinaz gain, jatorriz pianorako eta orkestra handirako konposatutako beste bi pieza ere bere molde propiotik berriro sortu zituen musikariak. Musikaren interpretazioa beti da birsortze bizi bezain original bat, ez baita obra bera inoiz berdin jotzen. Wolfgang Amadeus Mozartek Ah, vous, dirai-je maman kutsu infantileko melodia itxuraz sinplearen inguruan pianorako idatzitako aldarazpenak maisuki irauli ziren, bestalde, Koruko Andre Mariaren organoko hiru teklatuetara. Nabarmentzekoa hemen, artikulazioarekin interpreteak burutu zuen lana eta pianoan Salzburgoko maisuaren obrak interpretatzean beti helburu izaten den garbitasuna aise lortu izana. Errezitala ixteko, pasa den Olinpiar Jokuen irekiera ekitaldian bere lekua izan zuen Camille Saint-Saëns konposatzaile frantsesaren Danza makabroa jo zuen Aiherrako organistak. Ezaguna izanagatik ere, musika lan bikaina da paristarrak idatzitako poema sinfonikoa. Eta zenbaitetan eta modu desberdinez transkribatua izanagatik ere, bart entzundakoa tempo biziz eta asmo berritzailez jorratutako bertsioa izan zen.
Hiru begirada berri hauen tartean, sortzez instrumentu errege deituarentzat idatzitako bi lan ere aurkitu genituen. Bata germanikoa, bestea frantsesa. Biak ala biak 1863an Cavaillé-Collek eratutako instrumentuari bikain egokitzen zaizkionak. Bietan eskaini zizkigun musikari frantsesak mundu mailako organisten artean buruetako bat izatearen arrazoietako hainbat. Esaldi musikalen ikuskera, legatoari eusteko ahalmena, organo erromantiko frantsesaren ezagutza itzela eta beste hainbat, atzokoan txisteratik Ospitalek atereak. Bertaratu zirenek parte zaharreko tenplu barrokoa pozez uzten zuten bitartean, kronika hau idatzi behar zuen honek organoaren aterpean Eduardo Txillidak oparitutako gurutze gorenari begira amaitu zuen arratsa.
Nola transkribatu alabastrozko alegoria hau? Posible ote da begirada berri bat?