Donostian alokairuan dauden etxebizitzen herena, bost etxebizitza baino gehiago dituzten jabeena da
Donostiako etxejabeen %3,2ak hiriko alokairuaren %30a kontrolatzen du, udalak prentsa ohar batean adierazi duenez. Datu horrekin batera, beste batzuk ere eman ditu; esaterako, hirian dauden 9.323 etxebizitzetatik, 3.017 jabe handienak direla; hau da, bost etxebizitza baino gehiago dituztenenak.
Udalaren informeetan zehazten denez, 1.079 etxebizitza dira pertsona juridikoenak, hau da, enpresetan amaitzen dute alokairu horiek, besteak beste. Horien artean, badago Donostian 245 etxebizitza dauzkan enpresarik.
Alokairuzko etxeak dituzten pertsona fisikoei dagokienez (1.800 dira guztira), alokairuzko 21 eta 27 etxebizitza artean dituzten hamaika jabe daude; zazpi etxe dituzten 51 eta sei etxebizitzetara iritsi daiteke gehiengoak (76 pertsona) duen alokairuzko etxebizitzen kopurua.
Tentsio handia, jabe handientzat
Irailean amaituko da Donostia tentsio handiko gunea izateko prozesua eta, hala izendatzeak, besteak beste, honako hauek dakartza berekin, Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotziaren hitzetan: “Alokairuen gehikuntzari gehieneko mugak ezartzea, gehiegizko igoerak saihesteko; alokairu kontratuetarako ezohiko luzapenak ezartzea; etxebizitza asko dituztenentzako eta alokatuta egon ez diren etxebizitzentzako alokairu kontratu berrien hasierako errenta mugatzea, eta lurzorua mobilizatzea bizitegi erabileretara bideratzeko, azken helburua gizarte politiketara bideratutako etxebizitzaren %20 lortzea izanik”. Hortaz, esan duenez, hiria tentsio handiko gune bat izateak “jabe handi” horiei eragingo die, inori baino gehiago.
Gauzak horrela, udalak jabe hauek kontrolatu nahi ditu; izan ere, 9.323 etxebizitzetatik 3.017 eurenak dira, El Salto-k jakinarazi duenez. EAEn, alokairuzko etxebizitzen %15 dira soilik jabetza publikokoak; hau da, alokairuan dauden 75.000 etxebizitzetatik 11.100 kudeatzen ditu administrazioak.